Bihar, hilak 27, sektoreko mahai negoziatzailea deituta dago eta STEILASetik lanean ari gara akordioak ematen digun bermearekin Hezkuntza Sailak behar bezala betearazteko.

Ostiralean Lanpostu Zerrendak zehazteko aplikazioa itxi behar zen baina luzatu behar izan dute behar diren baliabide pertsonalak txertatu gabe zeudelako.

Akordioak ezartzen dituen baliabide horiek Lanpostu zerrendetan ezarri gabe daude gaurko egunean oraindik eta eskolek ez dute beharrezko informaziorik jaso.

Bigarren Hezkuntzako 17 orduen barruan Hedatze orduak sartzeko adostutako baliabideak behar dituzte eskolek. Lehen Hezkuntzan baita ere, akordioak jasotzen dituen irakastorduen jaitsierak eragindako ordu kredituak ezarri behar dituzte, beraz, sortutako irakasle gehigarriak LPZan orain txertatzea ezinbestekoa da.

Bestalde, ez dugu murrizketarik onartuko BEAtarretan, IKT orduetan,… EUSLE eta HIPI irakasleei dagokien kreditua esleitu beharra dago, baita eraikuntza desberdinak dituzten ikastetxeei dagokien baliabideak ezarri ere.

Beste gaiak ere badira lantzeko, horien artean, desburokratizazioa eta plantillak gazte berritzeko plana: zehaztapenak eta argibideak behar ditugu langileok zein egoeratan geratuko garen jakiteko.

STEILAS sindikatutik argi dugu: Hezkuntza Sailak ezin du atzeratu ezta lausotu ere sinatutako akordioaren betearazpena, beraz, bihar egingo den mahai sektorialean noranzko horretan pausu zehatzak emateko eta beharrezkoak diren mekanismo eta baliabide guztiak berehala ezartzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari, Euskal Eskola Publikoan, kalitatezko baldintzak bermatzeko.

Borrokan eta lanean jarraituko dugu, sinatutako akordioa eguneroko jardunean lehenbailehen errealitate bihur dadin!