Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) deitutako elkarretaratzeetan izan gara irailaren 29an, astelehena. Errektoretza taldeak deitu du etenaldi instituzionala, Palestinaren kontra Israelgo gobernua egiten ari den genozidioa salatzeko eta elkartasuna adierazteko Palestinako herriari eta Global Sumud ontzidiari. Manifestua:
Egun on eta eskerrik asko Euskal Herriko Unibertsitateko kide guztiei Donostian, Gasteizen eta Leioan egiten ari garen elkarretaratzeekin bat egiteagatik. Balio dezala irakurketa honi hasiera eman dion Fadwa Tuqan idazlearen poemak bere jaioterriraino, Palestinaraino, elkartasun mezu bat bidaltzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateko komunitate osoak bat egiten du munduko bazter guztietatik entzuten diren eta berehalako su-etena eskatzen duten ahotsekin. EHUk irmoki salatu du Israelgo Gobernua Palestinaren kontra egiten ari den genozidioa (A/HRC/55/73) eta babesa adierazi dio palestinar herriari. Salaketa hori eta elkartasun hori berresten ditugu gaur.
Era berean, Global Sumud Ontzidiarekiko elkartasuna adierazten dugu eta ozen salatzen ditugu jasan dituen erasoak. Gure babesa, miresmena eta esker ona adierazten dizkiegu Gazara bidea egiten ari diren 42 ontzietako pertsona guztiei.
Israelgo Gobernua giza eskubideen urraketa etengabea ari da egiten; ez bakarrik Gazan, baita Zisjordanian ere, eta metodo berberak erabili ditu Palestinaren aldeko ontzidiaren kontra jotzeko ere.
Unibertsitateko komunitateari dagokio giza eskubide guztien aldeko defentsa eta horien urraketaren salaketa egitea. Gure ardura etikoak eskatzen digu ezinbestean ahotsa altxatzea. Jasangaitza da Palestinako herriari eragiten ari zaion sufrimendua. Horregatik aho batez salatzen dugu Israelgo gobernua eta armada Gazan eta Zisjordanian praktikatzen ari diren apartheida, garbiketa etnikoa eta erailketa sistemikoa. 2023ko urriaren 7tik 65.000 palestinar erail ditu, 167.000 zauritu, 200.000 desplazatuarazi eta gosez hiltzera kondenatu palestinar biztanlegoa.
Nazioarteko zuzenbide humanitarioari errespetua eta aplikazioa eskatzen dugu Gazako lerroan, eta behingoz laguntza humanitarioa sartzen uztea.
Egoera lazgarria delako elkartu gara gaur EHUko hiru campusetan. Ez da nahikoa bakea aldarrikatzea herri oso bat gosez erailtzen denean, Nazio Batuen Erakundeak salatu bezala. Horregatik isilik geratzea ez da aukera bat.
Gaur inoiz baino ozenago, inoiz baino bateratuago, unibertsitate komunitatearen ezinegona eta elkartasuna plazaratu ditugu, eta Palestinako herriaren aldeko aldarrikapena egin dugu,
EHU Palestinarekin, zabaldu dadila munduaren luze zabalean gure ahotsa: STOP THE GENOZIDE.

Leave A Comment