Nafarroako hezkuntza publikoko gehiengo sindikalak, STEILAS, LAB, CCOO eta ELAk, azken urteotan Lanbide Heziketak duen egoera larria salatu nahi du. Hezkuntza Departamentuak ez du behar bezala garatu Ministeritzatik ezarri berri den Lanbide Heziketa Lege ezta irakaslegoarekin eskolak lanbide-arlo ezberdinetan behar dituen beharra egiaztatu ere ez.
2024-2025 ikasturtean, irakaskuntza publikoko irakasle gehienek egoera jasanezina zela erakutsi zuten hainbat greba eta mobilizazioren bidez. Jasaten dugun lan-gainkargaren ondorioz, ezinezkoa da kalitatezko hezkuntza-sistema bat aurrera eramatea: proiektu ugari (horiek gauzatzeko ordurik ez dutenak), irakaskuntza zuzeneko ordu gehiegi, ratio oso altuak, ordurik gabeko erantzukizuneko lanpostua (orientatzaileak, zuzendaritza-taldeak…). hau horrela, gehiengo sindikalak ez genuen sinatu murrizketak jasotzen zituen itunik.
Lanbide heziketako irakaslegoa jasaten dituen egoerak ez dira hitzarmen horretan jasotzen ezta hauek dituzten arazoei konponbiderik ematen ere ez. Horra hor beste arrazoietako bat, ANPEk, AFAPNAk eta UGTk Hezkuntza departamentuarekin ia negoziatu gabe eta gutxiengoan sinatutako ituna ez sinatzera eraman gintutena.
Irakasle horiek ekainean ohartarazi zuten, Lanbide Heziketa Dual berria ezartzen ari zela beharrezko baliabiderik gabe. Bigarren Hezkuntzako Zuzendaritzen Elkarteak ere salatu zuen hori.
Gainera, Hezkuntza departamentuak berriz ere ez ditu ikasle errepikatzaileak aintzat hartu, Lantokiko Prestakuntzarako orduak kendu baititu. Era berean, Goi-mailako graduetan egin beharreko Proiektu moduluari, DUALen aurreko planekoak, dagozkion orduak kendu ditu ere. Ez dira inon islatzen, ez nola, nork eta zer ordurekin egin behar den lan hori… Berriro ere argi gelditzen da, aparteko lan-karga dakarrela lantokiko prestakuntza aurrera eraman behar duen irakasleentzat.
Horren guztiaren ondorioz, ikasleak ezin dira behar bezala atenditu, eta “arreta” ematen bazaie, DUALi eta LPri ez dagozkien beste zeregin batzuetarako orduak erabiliko dira, beste behin, hezkuntza-kalitatea jaitsiz. Hori dela eta, Lanbide Heziketarako araudi espezifiko eta adostu berri bat egiteko premia ikusten dugu, zuzeneko irakaskuntza-orduak eta ordu osagarriak jasoko dituena, DUAL behar bezala ezartzeko.
Hori guztia nahikoa ez balitz, kontseilariak harropuztu eta dominak jartzen ditu Nafarroako Lanbide Heziketa Dualean; matrikulazioei, ikasleek lortutako titulazioei edo LHko hezkuntza-eskaintza handitzeari buruzko datuak emanez, irakasleen gehiegizko ahaleginaren edo LHko ikastetxeen saturazioaren kontura. Laster “FP 2030 Foroa” egingo da Baluarten, CEN, Merkataritza Ganbera, Bertelsmann Fundazioa edo Volkswagen bezalako erakundeek antolatuta. Horiek guztiak enpresa-munduarekin lotuta daude, baina ez dute hezkuntza-ikuspegiaren arrastorik, ez eta ikasleek enpresetan duten presentzia aurrera eramateko ikastetxeei nola eman behar zaien ere.
Egoera horren aurrean, LHko ikastetxe askotan dagoeneko antolatu eta mobilizatu dira: ez dituzte ikasleak atendituko ezinezkoa zaielako, Hezkuntza departamentuak ez baititu dagozkion orduak esleitzen esan bezala LP eta bestelako moduluentzat.
Duela bi aste baino gehiago, sindikatuen gehiengoak mahai sektorial bat deitzea ere eskatu zuen, arazo honen konponbidea negoziatzeko. Ez dugu erantzunik jaso, agerian utziz Hezkuntza departamentuak ez duela egoera hau konpontzeko asmorik.
Aurreko dena kontutan hartuta, gehiengo sindikalak Nafarroako Lanbide Heziketako irakasle guztiak deitu ditu grebara azaroaren 3an, 4an eta 5ean. Nafarroako Gobernuak berehala eman ditzala etapa honi dagozkion baliabideak ikasturte honetan eskatzen dugu, ikasurtea bermeekin aurrera eramateko. Konpondu ezean, ez dugu baztertzen greba eta mobilizazio gehiago egitea, bai Lanbide Heziketan, bai hezkuntzako beste etapa batzuetan.

Leave A Comment