Gaur, urriaren 27an, negoziazio mahai sektoriala izan dugu sindikatuok Hezkuntza Sailarekin. Berriz ere, berandu iritsi den eta metodologia aldetik eskasa eta edukirik gabea izan den mahaia izan da. Bertan, beste aldarri batzuen artean, STEILASetik maiatzaren 9an sinatutako akordioaren jarraipena egin, hobekuntzak mahaigaineratu eta aplikatzeke dauden neurriak abian jar ditzan exijitu diogu Hezkuntza Sailari. Honen ostean Lanbide Heziketako mahai teknikoa ere gauzatu da.

Esanguratsua da joan den ikasturtean 9 greba egun egin ostean, Hezkuntza Sailetik pertsona bakarra joan dela bilerara eta informazioa ematera mugatu dela, negoziazioari tarterik eman gabe. STEILAS sindikatutik ganora falta salatu dugu mahaian bertan eta edukiz betetzeko eskatu diegu benetako negoziazioa gauzatu dadin. Hurrengo negoziazio mahaia azaroaren 19an izango da. Ikastetxeetako kamerei buruzko bilera bat ere eskatu dugu.

Akordioari dagokionez, ikasturte hasiera honetan hainbat neurri martxan jarri dituzte, soldataren igoera, irakasle gehigarriak ala gazteberritzearen neurrien aplikazioa adibidez; baina, hala ere, badaude hobetu beharreko hainbat puntu eta hauetariko asko Hezkuntza Sailaren borondate ezagatik ez dira oraindik martxan jarri.

Hobetu beharrekoak:

• Irakastorduen murrizketa ez da ikastetxe guztietan modu egokian ezarri, ez Haur eta Lehen Hezkuntzan ezta Bigarren Hezkuntzan edo Lanbide Heziketan ere. Baliabide pertsonalak behar dira akordioan jasotakoa betetzeko.

• Berritzeguneko ordutegi eta baldintzen konponketa eskatu dugu.

• Plantillak gazte-berritze atalean edukien transmisiorako funtzioak ezartzeaz aritu gara, funtzio hauek definituta egon behar direlako. Bitarteko langileen urtez-urteko irakastorduen murrizketa lehenbailehen martxan jartzea ere exijitu dugu.

• EPE: Haur eta Lehen hezkuntzako EPEa aurreikusten du Hezkuntza Sailak, baina ez du data edo lanpostu zehatzik aipatu. STEILASetik lehenbailehen argitzeko eskatu diogu eta azaroan zehar argituko dutela adierazi dute.

• Lanbide Heziketako mahaian gai asko ukitu ditugu, baina ganoraz lantzeko tarterik izan gabe. Hurrengo mahai teknikoetan lantzeko geratu dira gehienak. Duala, ikasturte hasierako ebazpenak, irakasle falta, hezkuntza eskaintza, hizkuntza eredua… izan dira gainetik ukitu diren gaiak.

Hezkuntza Sailari exijitzen diogu adostutako baldintzetan akordio berriko neurriak martxan jar ditzan orain, aitzakiarik gabe.