Urriaren 30ean Haurreskolak Partzuergoa eta hiru sindikatuon arteko bigarren adiskidetze saioa (Preco) burutu genuen Lan harremanen Kontseiluaren Lurralde Egoitzan. Bertan, 2024ko apirilaren 17an sinatutako akordioaren jarraipena egiteko bildu ginen; izan ere, 2025eko irailaren 8an epe bat jarri genuen 63 lanpostuak sortu eta LEP izaerarekin banatzeko, bitartean ekoizpenagatiko kontratuak sortuz. Baina epe hori iritsi da eta lanpostu horiek sortu gabe jarraitzen dute.
Haurreskolak Partzuergoko gerenteak falta ziren dokumentuak bidalita daudela eta hitzarmen osoaren aldeko txostenak ere eginda daudela azaldu zuen, lanpostu horiek sortzeko beharrezkoak diren hainbat izapidetze falta diren arren. Baina une honetan ez dago data zehatzik, ezta inongo berme segururik ere.
Haien hitza entzun ondoren, eta gure ezinegona azaltzearekin batera, hiru sindikatuok bildu ginen eta akordiorik gabeko akta sinatzea erabaki genuen, behar izan ezkero bide judiziala ere irekita utziz. Sinatutako dokumentuan, alde batetik, une honetan indarrean dauden ekoizpenagatiko kontratuak etengo ez direla, eta, bestalde, horiekin batera, aurrerantzean LEP izaerako lanpostuak banatuko direla idatzita gera dadin eskatu genuen. Eta halaxe geratu zen.
Hala ere, lan metaketak ez eteteak ez du esan nahi mugimendurik egongo ez denik, Haurreskolak Partzuergoak argi utzi baitzuen beharra izan ezkero hala gertatuko zela. Beraz, oraindik ez dakigu egoerak nolakoak izango diren kontratuak banatzen hasten direnean. Guk gure aldetik, beharrezkoak diren pausuak eman daitezen exijitzen jarraituko dugu, aipatutako langileen egoerak eta zerbitzuaren kalitatea onuragarriak izan daitezen.
Beste behin ere bete gabeko hitzak eta akordioak ditugu mahai gainean; atzerapenak, komunikazio ezak, kudeaketa ahulak…
Ezin dugu ahaztu Lan Hitzarmenarekin batera plantilak esleitzeko irizpideak jasotzen zituen akordioa sinatu zela. Bertan prestakuntza eta koordinazio orduak egin ahal izateko giza baliabideak bermatuko direla jasota egon arren, haurreskola gehienetan ezin dituzte ordu horiek aurrera eraman hezitzaile gehigarririk ez dagoelako. Negoziazioaren momentu horretan, sinaduratik at gelditu ginen akordio hori betetzeko berme juridikorik ez zegoelako eta administrazioaren asmo eta borondatearen menpe egon nahi ez genuelako.
Gaur gaurkoz egoera horretan jarraitzen dugu.
Leave A Comment