Azaroaren 3an, 4an eta 5ean Nafarroa Garaikoko Lanbide Heziketa publikoan grebak deitu ditugu gehiengoa osatzen dugun lau sindikatuok, STEILASek, LABek, CCOOek eta ELAk. Urrats honek irakasleen kezkak eta haserrea islatu eta agerian utzi ditu, Lanbide Heziketako lege berria eta Dualaren ezarpena inprobisatua, baliabiderik gabekoa eta murrizketez josia izan baita.
Asteotan, Hezkuntza Departamentuarekin elkarrizketak bideratzen saiatu gara, gure eskaerak eta proposamenak modu argi eta arrazoituan aurkeztu ditugu. Lanbide Heziketako praktikak antolatzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko ordu espezifikoak ezartzea eskatu dugu, bai eta modulu berriak prestatzeko eta beste hizkuntza batean irakasteko denbora ere. Aldi baterako kontratatutako irakasleen kontratuak luzatzeko beharra ere azaldu dugu, egonkortasuna eta lege berriak ezartzen dituen proiektu berrien jarraipena bermatzeko.
Era berean, eskatu dugu irakasle teknikoen, singularren eta PTen arteko soldata arrakalak ezabatzea, unibertsitate titulurik edo masterrik ez duten eta Bigarren Hezkuntzara transferitutako espezialitateetan ari diren irakasleen egoerari irtenbidea ematea, orientazio zerbitzua eta PTak indartzea ikasleen aniztasun gero eta handiagoari erantzuteko, ratioak murriztea, plantilak egonkortzea eta espazioak zein tailerrak irakaskuntza eta ikaskuntzaren benetako beharretara egokitzea.
Bitartean, Departamentuak gure aldarrikapenei emandako erantzuna ez da nahikoa izan, ez baitute arazoei behar bezala heltzeko borondaterik. LH Duala goraipatzeko FP Foroa edo bisita instituzionalak erabili dituzte, baina ikastetxeetan egunero izaten ditugun zailtasunak alde batera utzi dituzte. Greba honek propaganda hori zapuzteko ere balio izan du, bai eta Gobernua sostengatzen duten horien gaineko presioa areagotzeko ere.
Egunotan, FP 2030 Foroa izan dela eta, ikusi dugu nola ireki diren bideak Lanbide Heziketa publikoa pribatizatzeko. Enplegagarritasunaren izenean, ikasleek orain askoz ere denbora gehiago emanen dute enpresetan edo lantokietan, gehienak eremu pribatuetan gainera. Sistema honek hezkuntza publikoaren kalitatea zuzenean ahultzen du eta hor daude zenbait lobby edo enpresari esperoan egoera aprobetxatzeko, alegia, negozioa egiteko.
Gimenori eta Chiviteri beren ezkutalekuetatik atera daitezela eta aurpegia eman dezatela eskatzen diegu, Lanbide Heziketak bizi duen egoera errotik alda dezatela, ea grebetan aldarrikatu duguna behingoz betetzen duten. Lanbide Heziketa publikoa eta oro har Hezkuntza Publikoa lehentasunezkoa izan dadila exijitzen dugu.
Horrela ez den bitartean, borroka hau ez da hemen geldituko, areagotu eginen da eta beste eremuetara eramanen dugu. Gure lan baldintzak defendatzea ikasleen etorkizuna bermatzea eta hezkuntza publikoa defendatzea delako. Garaiz gabiltza, aurrekontuak oraindik ez baitira onetsi, eta kalitatezko Lanbide Heziketa duin bat bermatzeko baliabideak lortu arte ez dugu amore emango.
Gora Lanbide Heziketako borroka!

Leave A Comment