Gimenoren hitzetan Lanbide Heziketako greba porrota izan da, parte hartzea oso eskasa izan delako. Ikusi dugu, maiz, datuak ematen zirela Hezkuntza Publikoko irakasle guztiak aintzat hartuta eta arratsaldeko txandak kontuan hartu gabe.
Dena den, Departamentuak berak eman duen % 34,16 oso datu esangarria da, kontuan hartuta gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla. Ikastetxe batzuetan jarraipena % 80 tik gorakoa izan da eta Iruñerriko ikastetxe handienetan % 50 etik gorakoa. Oso agerian gelditu dira irakasleen haserrea eta LH Dualaren gabeziak, bai eta irakasleek sektorea hobetzeko duten nahia eta konpromisoa.
Azken elkarretaratzean, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Nafarroako Gobernu osoari eskatu genion arduraz jokatzeko eta bestelako hezkuntza politika garatzeko. Sei urte igaro ondoren egiaztatzen dugu Gimenorekin eta bere menpekoekin ezinezkoa dela egiazko politika “progresistak” aurrera eramatea.
Arazoa ez da bakarrik Departamentuko buruzagiena, baizik eta inbertsio nahikorik ez dagoela hezkuntza publikoan. Gobernu honen eta aurrekontuen lehentasunak aldatzeko premia handia da, zerbitzu publikoak babestu eta hobetu nahi badira.
Gimenok esan bezala, greba hau politikoa da. Horregatik aldarrikatu dugu Lanbide Heziketako gatazkari irtenbidea emateko bestelako politikak ezartzea ezinbestekoa dela. Ezin da beste aldera begiratu, arazorik egonen ez balitz bezala.
Arazoa badago, handitzen ari da eta larrialdi egoera honek berehalako esku-hartzea eskatzen du. Gimenok kontseilari jarraitzen baldin badu, beste gobernukideen sostenguari esker da.
Aurrekontuetan hezkuntzako inbertsioa handitzea ere Gobernuari eusten dioten indar politiko guztien erantzunkizuna da. Aurrekontuen Legea oraindik ez da onetsi eta Lanbide Heziketako egoera hobetzeko nahia badago, egunotan mahaigaineratutako aldarrikapenei erantzutea funtsezkoa da: praktikaldietarako ordu espezifikoak, soldata arrakalen desagertzea, espazioen egokitasuna, ratioen murrizketa eta plantillen egonkortzea, besteak beste.
Hamar urte dira UPN Nafarroako Gobernutik kanpo dagoela, baina egungo Lanbide Heziketako politika “progresistek” ere sektorea pribatizatzeko bidea hartu dute. Hori gutxi ez, eta hezkuntzan sekulako arazoa dagoela onartu beharrean, beste alde batera begiratzeko joera areagotzen ari da.
Gimeno, porrota zu zara. Zu eta zure kolaboratzaileak.
Leave A Comment