Hezisarea martxan jarri zenetik, zailtasun batzuk sortu dira lan eskaintzak banatzerakoan. Horren adibide dira lehentasuna eta lan metaketak uztartzeko dugun arazoa. Momentu honetan Haurreskola batean jardun murriztuan egonda, lan metaketa batekin jarduna osatzeko aukera ukatua dago. Egoera horren aurrean, atxikituta duzun proposamena luzatu diogu Haurreskolak Partzuergoari.

Egun on,
Hezisarea martxan jarri zenetik hainbat dira ikusitako arazoak eta hobetu beharrekoak. Mahai Negoziatzailearen esperoan jarraitzen dugu ekarpen desberdinak egiteko, baina ordezko askoren egoera ikusita eta zerbitzuaren hobe beharrez, bide hau erabiltzea erabaki dugu. Plataforma eta lehentasunak uztartzeko zailtasunak daude eta horregatik, hurrengo kasuistikei konponbidea bilatzeko beharra ikusi dugu:
Ordezko bat haurreskola batean jardun murriztuan badago, bere jarduna osatzeko aukera izan dezake, beste murrizketa bat hartuz edo lan metaketa bat hartuz. Lehenengo kasuan, lehentasuna aplikatuko zaio eta kontratua eskuratu ahal izango du; lan metaketaren kasuan ordea, ezin zaionez lehentasunik aplikatu, eta hau Hezisarean publikatu behar denez, kontratu hori ezingo du hartu, lanean egonik ezin duelako lanerako prest egoeran jarri. Aplikatiboa martxan jarri aurretik, arazo hau ez zen ematen.

Gauzak horrela, hurrengo proposamena eskaintzen dizuegu ordezkoek lan metaketa hartzeko aukera/eskubibea galdu ez dezaten: haurreskola batean lan metaketa bat banatu behar bada, Hezisarean publikatuko da, izaera honetako kontratuetan ez delako lehentasunerako eskubiderik aplikatzen. Kasu horietan, haurreskola horretan dauden ordezkoei SMS bat bidaltzea proposatzen dizuegu, kontratu hobekuntzekin egiten den prozedura berdina jarraituz. Horrela, beraiek nahi izanez gero, Hezisareko lan metaketaren esleipenean parte hartuko lukete eta kontratua hartzeko aukera izango lukete, zerrendaren
hurrenkeraren arabera hala badagokie behintzat (momentu honetan hori ukatuta daukate). Zailtasun handirik gabe kudeatu daitekeen prozedura bat dela iruditzen zaigu.
Bestalde, lehentasunak aplikatzerako orduan arazoak sortzen ari dira ordezkoak ez direlako lanerako prest egoeran jartzen. Hau da, langile askoren kasuan lanean ari diren haurreskolan lehentasuna sortzen denean, beraien lan egoera lanean da eta hurrengo egunerako lehentasuna sortu denean, lan eskaintza hori gabe geratu dira lanerako prest egoeran ez direlako jarri. Gauzak errazten laguntzeko asmoz, lehentasunak eskaintzean, ordezko horien lan egoera ez begiratzea proposatzen dizuegu, onuragarria izan daitekeelakoan.
Jakin badakigu gai korapilatsua izan daitekeela eta beharrezkoa balitz bilera batean azaltzeko prest egongo ginateke. Hala ere, zerbitzuaren eta ordezkoen egoeraren hobe beharrez, gure ekarpena aintzat hartzea eskertuko genizueke.

Besterik gabe, zuen erantzunaren zain geratzen gara,
STEILAS