STEILASek Hezkuntza Laguntzako Espezialisten lanpostuak ikasturte hasieratik behar bezala esleitzeko eskatu arren, Hezkuntza Sailak arazo larriari konponbidea eman gabe jarraitzen du oraindik ere.
Euskal Eskola Publikoa eraldatzeko plan estrategikoarekin eta 2026ko aurrekontuekin ahoa betetzen zaio egungo Hezkuntza Sailburu den Begoña Pedrosari. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Batez ere, Hezkuntza Laguntzako Espezialisten kolektiboan, eta hauek artatzen dituzten Hezkuntza Publikoko ikasleen hezkuntza kalitatean, eta ondorioz gainerako ikasleengan ere.
Langile hauen lanpostuak esleitu gabe geratzen dira egunero (Hezkuntza Sailak dio arazo informatikoak direla arrazoia) eta, beraz, ikasle askok ez dituzte beren hezkuntza-prozesua aurrera eramateko behar dituzten baliabide eta laguntzak jasotzen, ikasleen oinarrizko eskubideak larriki urratuz. Adibiden zerrenda luzea da: Bagatza HLHI, Zaraobe BHI, Latiorro HLHI, Victor Tapia HLHI, Lakuabizkarra HLHI, Zabalgana HLHI…
Ikastetxe askotan irailetik ez dira Hezkuntza Laguntzako Espezialisten lanpostuen ordezkapenak betetzen ari, eta Sailak ez du konponbiderik ezarri. Arazoaren muina aplikazio informatikoan dagoela dio, lanpostuak esleitzeko erabiltzen den erramintan alegia. Arazoa edozein dela ere Hezkuntza Sailaren ardura zuzena da ikasle hauek ondo artatuak izatea. Gainera, Hezkuntza Laguntzako Espezialisten ezak ikasle eta irakasle guztiengan eragina du, hainbat eta hainbat eskola publikoen funtzionamendua erabat baldintzatuz. Egun, hutsune horiek lankideen artean betetzen ari dira, haien lan eskubideak urratuz eta gainkargaren ondorioz ikastetxe publikoen funtzionamendu egokia eta ikasle guztien hezkuntza kalitatea arriskuan jarriz.
EAEko hezkuntza sistema osatzen duten ikastetxeen artean dagoen arrakala agerikoa da, baina ikasturte hasieratik erabat kezkagarria Hezkuntza Publikoan matrikulatuta dauden Hezkuntza Premia Bereziko haurren kasuan. Pertsonalaren kudeaketako arazoak, izan lanpostuak esleitzeko erabiltzen den tresnagatik, izan bestelako arrazoiengatik, ezin du horrelako eraginik izan ikasleen hezkuntza eskubidean.
Hau guztia gutxi balitz Sailarekin harremanetan jartzeko dauden arazoak gehitu behar zaizkio egoerari. Komunikazioa erabat etenda dago eta ezinezkoa egiten da hartu emana.
Begoña Pedrosak zuzentzen duen Hezkuntza Sailari STEILASek egiten dion eskaera argia da: Hezkuntza Publikoko Hezkuntza Laguntzako Espezialisten lanpostuak esleitu ahal izateko lehenbailehen konponbidea bilatu dezatela, egoeraren larritasunak eskatzen duenarekin bat datozen neurriak hartuz. Eta, hortaz, premia bereziak dituzten ikasleen beharrak aintzat hartzeko. STEILASetik egoera gertutik jarraituko dugu beharrezko urratsak emanez arazoa konpondu arte!
Leave A Comment