Eusko Jaurlaritzari, Alderdi Sozialistari eta Eusko Alderdi Jeltzaleari exijitu diete herri ekimen legegilearen alde egin dezaten, euren esku baitago antidemokratikoa den erabaki bat ez gauzatzea.

Gaur, milaka lagun mobilizatu dira Bilboko kaleetan, gutxieneko soldata propioaren alde. Manifestazioa ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek deitu dute, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak eragindako blokeoa salatzeko, eta Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiei herri ekimen legegilearen alde egiteko eskatzeko.

Patronalak, negoziazio kolektiboaren bidea blokeatu du, eta bitartean, Eusko Jaurlaritzak herri ekimen legegilearen aurkako txostena argitaratu du, herritarren eta langileen borondatearen aurka eginez.

Ez hori bakarrik: patronala eta Eusko Jaurlaritza sostengatzen dituzten bi alderdi nagusiak, Alderdi Sozialistak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak, eskuz esku lerratu dira, herri honetako gehiengo sozial eta sindikalaren aldarrikapen legitimoari bidea ixteko asmoz.

Gogoan izan behar dugu 138.495 sinadura bildu zirela gutxieneko soldataren alde, prekarietate eta pobrezia egoerei aurre egiteko, eta aberastasuna bidezko moduan banatzearen alde. Sinadura horiek herri honen gehiengoaren borondatea islatzen dute.

Larria eta antidemokratikoa da Jaurlaritzako alderdiek hartu duten jarrera. Pentsiodunekin egin zuten bezala, sindikatuek bultzaturiko herri ekimen legegilea atzera bota nahi dute, eztabaida bera ukatuz. Egiteko modu autoritarioa da hori, legebiltzarreko eztabaida bera ere ukatzen duena.

Bihar, Eusko Legebiltzarrean, herri ekimen legegilea tramitera onartu edo ez eztabaidatuko dute. Gaur, mobilizazioan zehar, Eusko Jaurlaritza, Alderdi Sozialista eta Eusko Alderdi Jeltzalea interpelatu dituzte sindikatuek: herritarren borondateari men egin diezaioten eta herri ekimen legegilearen eztabaidari eta tramitazioari bide eman diezaioten. Aukera paregabea dute euren posizioa birpentsatzeko.

Horrez gain, EAJren eta Alderdi Sozialistaren egoitzetara gutunak bidali dituzte, eskaera berbera helaraziz: bihar Legebiltzarrean, posizioa aldatu eta herri ekimen legegilearen alde egin dezatela.

Gaur kaleetan agerian geratu da: gehiengo sozialak enplegu duinak nahi ditu, gutxieneko soldata propio bat aldarrikatzen du. Bihar, legebiltzarrean alderdi politikoek zehaztu beharko dute norekin dauden: langileen eskubideak edo patronalaren interesak defendatzen.