LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde, HIRU eta CGT nafarroa sindikatuok osatzen dugun lan osasuneko intersindikalak, ekimena burutu dugu gaurko egunean hego EHko hiriburuetan iazko lan heriotz kopurua gainditu den egunean. Izan ere, urtea bukatzeke dagoela 65 langile dira aurten lan istriputan hildakoak, iaz baino bat gehiago.
Heriotz zerrendak ez du etenik. Datuek erakusten dute urtez urte lan osasunean aurrerapausuak eman beharrean atzera goazela. Iaz urte osoan 64 langile izan ziren hildakoak, aurten jada azken 24 ordutan gertatu diren bi heriotzekin kopuru hori gainditu dugu. Egoeraren egonkortze batean egon ginen arren, azken urteotan lan istripu eta istripu hilgarrien joera goranzkoa izaten ari da.
Egoera ilunena Nafarroan ematen da, 2024ak 17 hildako utzi zituen eta aurten dagoeneko 21 zenbatu ditugu. Hau da, aurten abuzturako, dagoeneko iazko hildako kopurua garaitu du Nafarroak.
Datu ofizialek enpresek komunikatutako istripuak soilik jasotzen dituzte. Badakigu enpresa askok istripu arinak ez dituztela komunikatzen eta hori gutxi balitz Mutualitateetako medikuek istripuen larritasuna determinatzeko gaitasuna dute, datuak leuntzeko joera ageria delarik. Bestalde, prebentzio faltak Euskal Herrian eragindako istripu hilgarri asko ez dira datu ofizialetan jasotzen langile horiek kanpoan zeudelako altan emanda. Beste kasu batzuetan, istripu hilgarri batzuk ez dira laneko istripu bezala aitortzen trikimailu juridikoak tarteko. Datu ofizialen atzean beraz errealitatea ezkutatzeko jarrera argia dago.
Honen guztiaren aurrean sindikatuok behin eta berriz adierazi dugu arduradun argiak daudela. Lehenik eta behin patronala. Orain 30 urte argia ikusi zuen prebentzio araudiak baina ez betetzea orokortua da patronalen aldetik. Berriki Nafarroako Gobernuak argitaratutako ikerketa batek araudiaren ez betetzea enpresen %80ean kokatzen du. Jarraian instituzioak eurak daude; hauek ez dute bitartekorik ipintzen araudia betearazteko. Erabaki politikoa hartua dute patronala lasai uzteko eta bere inpunitatea betikotzeko. Osalan zein NOPLOI aholkularitza entitate bilakatu dituzte patronalaren lasaitasunerako.
Langile klasea da inpunitate hori pairatzen duena, aurten dagoeneko 65 hildako langile utzi ditu. Bitartean hildakoak eragiten dituen patronalak, absentismoaren debate maltzurra darabil, prebentzio faltak osasunari eragindako kaltea langileriari berari egotziz.
Intersindikaletik irmo jarraituko dugu lanean, kaleak erabiliaz gizarteari erakusteko nortzuk diren guzti honen arduradunak. Gure indarra baliatuko dugu eztabaida antzuak deuseztatu eta lan osasunaren bermeak exijitzeko.
Leave A Comment