Gaur, azaroaren 20an, Bizkaia Aretoan egin den EHUko Klaustroaren saioaren sarreran, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok deituta, EHUko hainbat klaustrokidek elkarretaratzea egin dugu, EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatzeko eta behar dituen baliabidez unibertsitate publikoa hornitzeko. Elkarretaratzearen leloa honako hau izan da: “Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Errektoretza taldea: irmo defendatu EHU!”.

Helburu berarekin, gaurko saioan EHUko komunitateko kolektibo ezberdinetako kideek (irakasle-ikertzaileek, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek, eta ikasleek) aurkeztutako adierazpen bat onartu du Klaustroak. Bertan, finantzaketa urriagatik EHUk esparru askotan dituen arazoak deskribatzen dira eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio EHUrekiko finantzaketa nabarmen handitzeko, gabezi horiei erantzuna emateko eta unibertsitate publikoak euskal jendarteari eskaini behar dion zerbitzu publikoa ahalik eta modu eraginkorrenean garatu ahal izateko.