ELAk eta LABek abenduaren 16an Iruñean eta abenduaren 17an Gasteizen egingo duten mobilizazioekin bat egiten dugu euskararekiko dugun konpromisoa berretsiz.

STEILASek beti izan du euskara ardatz eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko lana eta mobilizazioak egin ditu, bai hezkuntzan, baita administrazio orokorrean ere. Gehiengo sindikalarekin eta bestelako eragileekin elkarlana bultzatu dugu euskalduntze ekimen orotan. Baina, ahalegin horrekiko administrazioen erantzuna etsigarria da eta hezkuntzan bertan ere atzerapausuak egiteko saiakerak antzematen ditugu.

Horrela, egoera aztertuta, euskarari egiten ari zaizkion erasoei erantzute aldera, aldarrikapen hauekin bat egiten dugu:

  • Euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Administrazioak erabat euskalduntzeko planak abian jartzea, beharrezko neurriekin eta bermeekin. 
  • Erabiltzaileek euskara zerbitzu hizkuntza izateko eskubidea bermatzea. 
  • Nafarroa Garai osoan euskara ofiziala izan dadin zonifikazioarekin amaituko duen euskararen lege berri bat aldarrikatzea. Bitartean, euskara eskakizun ez den lanpostuetan, gutxienez meritu izatea.
  • EAEn lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea. 
  • Nafarroa Garaiko Hezkuntzan PAI programa desagertzea eta EAEn hizkuntza ereduen sistema gainditzea, euskarazko murgiltze eredu bakarraren bidean. 
  • Politika eta ekintza euskarafobiko oro gaitzestea eta euskarak egun bizi duen diskriminazioa salatzea. 
  • Gure hizkuntzaren aldeko berme juridikoak egon daitezen politika egokiak eskatzea. 

Lehen ekimen moduan, Hego Euskal Herriko bi legebiltzarrak interpelatuko ditugu ELArekin eta LABekin batera. Izan ere, administrazioaren euskalduntzean aurrera egiteko bestelako lege batzuk beharrezkoak dira; segurtasun juridikoa ezinbestekoa da. Hortaz, abenduren 16an Iruñean elkarretaratzea egingo dugu (11:00etan Nafarroa Garaiko Parlamentuaren aurrean), eta abenduaren 17an Gasteizen mobilizazioa egingo dugu (11:00etan Bilbo plazatik Eusko Legebiltzarrera). 

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatu. Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez!