Gaur, abenduak 1, EHUrako baliabide gehiago eskatzeko STEILAS, LAB, ELA eta CGT/LKN sindikatuok antolatutako dinamikaren lehen lanuzte eta elkarretaratzea egin dugu, Leioako campusean.

Unibertsitate publikoak beharrezkoa duen finantzaketa bermatzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

Jaurlaritzak EHUra bideratzen duen dirua gutxiegi da oraindik, eta, Unibertsitate Sistema Lege Organikoak markatzen duenetik urruti dago. Gainera, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak egindako adierazpen batzuen arabera ez dago legeak esaten duen horretara gerturatzeko asmorik. Europako hainbat estatuetan unibertsitate publikoen finantzaketak BPGren %1a gainditzen duen bitartean, ardura hori dutenak kontzienteki ari dira gurean oraina eta etorkizuna kolokan jartzen.

Aldi berean, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz, alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak unibertsitate pribatuei. EHUko langileen ahaleginak dira guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen hau ez hondoratzea lortzen dutenak. Izan ere, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa izatearen erantzule zuzenak dira instituzioak; EHUri ez bezala, azken hauei – zuzenean edota ez zuzenean – finantzatzeko erraztasun guztiak ematen baitizkiete.

Bihar, abenduak 2, Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu lanuzteak 11:00etatik 12:00etara. Elkarretaratzeak 11:15ean izango dira.

Unibertsitate publikoaren defentsan, EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu!