Hezkuntza Sailak STEILASek proposatutako negoziaziorako metodologia onartu behar izan du eta benetako negoziazio gardena eta eraginkorra eramango da datozen egunetan maiatzean sinatutako akordioaren akatsen zuzenketa adosteko.

Maiatzaren 9an Hezkuntza Sailak eta STEILASek, gehiengo sindikalarekin batera, sinatu genuen akordioan hainbat akats tekniko zeuden, baita erredakzio desberdintasunak euskarazko eta erderazko bertsioen artean ere. Hori dela eta, datozen hilabeteetan EHAAn argitaratu baino lehen akats horien zuzenketa beharrezkoa da.

Ikasturte hasieratik Hezkuntza Sailak inposatutako metodologia desegokia izan da eta ez zuen bermatzen negoziazio gardena ezta adostasunetara heltzeko baldintza minimorik ere. STEILASetik metodologia aldaketa eskatu dugu eta, azkenik, Hezkuntza Sailak onartu behar izan du eta urratsak eman ditu benetan negoziazioa eraginkorra izan dadin.

STEILASen lanean jarraituko dugu maiatzean sinatutako akordioa EHAAn zuzen argitaratu dadin eta, batez ere, Hezkuntza Sailak sinatutako akordioak ezartzen dituen lan-baldintzak adostutako terminoetan aplika ditzan.

  • Bigarren hezkuntza eta Lanbide Heziketan 17 irakastorduak eta 2 zaintzak kasu guztietan aplikatu beharrekoak dira.
  • Lehen Hezkuntzan, aldiz, Hezkuntza Sailak ez du aurten murriztu beharreko irakastorduaren murrizketatik eratorritako irakasle kreditua osorik ezarri.
  • Desburokratizazio plana, adostutako puntu garrantzitsuenetako bat izanik, ezinbestekoa da akordioak ezarritako baldintzetan Desburokratizazioa Batzordeak lehenbailehen emaitzak ematea.
  • Hezkuntza Sailak adierazi digu ez duela aplikatuko akordioan adostutako kontzeptuen %2ko igoera (ekainetik aurrera) irakasleon azaroko nominan. Hezkuntza Sailari arazoa lehenbailehen bideratzeko exijitzen diogu, dagokigun soldata jaso dezagun!

Hezkuntza Sailari akordioan bertan jasotako edukiak adostutako baldintzetan lehenbailehen aplikatzeko eskatzen diogu. Horrela ez den bitartean, STEILASetik orain arte egin dugun irmotasun berdinarekin jarraituko dugu lanean eta borrokan!