STEILASetik urteko lehenengo eskubide-urraketa eta atzerapausoa irmoki salatu nahi dugu: Hezkuntza Sailak lan-legepeko hezitzaileen bajak ez ordezkatzea erabaki du, ordezkaritzek Gizarte Segurantzak telematikoki emandako ziurtagiria jaso arte.

Jakin badakigu Hezkuntza Sailak ez duela hezkuntza sistema publikoa behar lukeen bezala zaintzen. Hezkuntza publikoak erreferente izan beharko luke gure gizartean, baina gobernuak balioa kendu egiten dio behin eta berriro, hitzartutakoa urratzen duten erabakiak aldebakarrez hartuz.

Hezitzaileen bajak ez ordezkatzea horren erakusgarri garbia da. Hezkuntza Sailak erabaki berri duenez, ikasle zaurgarrienei arreta ematen dieten langileak ez dira ordezkatuko baja egoeran daudenean lehenengo egunetik; Gizarte Segurantzak, modu ofizialean, baja egoera horren berri eman arte ez dira ordezkatuko.

STEILASen iritziz, egoera hau ulertezina da guztiz. Izan ere, langileek bajan daudela jakinarazi eta agiria aurkeztu arren, Hezkuntza Sailak itxaron egingo du, premia handienak dituzten ikasleei behar bezalako arretarik eman gabe eta haien eskubideak urratuz. Lan-legepeko hezitzaileen sektoreak dagoeneko arazo larriak pairatzen ditu ikasleei arreta emateko garaian. Urteotan, hainbat kolektibotan lan zama etengabe handitu da, baina horrek ez du izan baliabideen handitze proportzionalik. Horren adibide argiak dira, besteak beste, fisioterapeuten eta okupazio terapeuten egoerak. Era berean, zeinu hizkuntzako interpreteen kasuan, arazoak urtez urte errepikatzen dira, behar duten ikasle guztiei interpretazioa modu egokian bermatzea ezinezkoa bihurtuz.

Testuinguru honetan, argi dago orain aldebakarrez hartutako erabaki honek ez diola inolako mesederik egiten ez ikasleei, ezta ikastetxeen funtzionamendu egokiari ere. Aitzitik, hezkuntza kalitatean kalte larria eragiten du, langileen lan zama areagotzen du eta ikasleen egoera nabarmen okertzen du.

STEILAS sindikatuan argi daukagu langileen lan baldintzaz harago, ikasleen eskubideak ezin direla zapaldu. Izan ere, ikasleen heziketa eta hezkuntza publikoa baitira, funtsean, gure izatearen ardatza.

Horregatik, ez dugu onartuko hezkuntza publikoaren kalitatearen murrizketa, eta Hezkuntza Sailari neurri hau berehala bertan behera uzteko eskatzen diogu.