Datorren martxoaren 17an Hego Euskal Herrian Greba Orokorra deitu dugu 1.500 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioa eskatzeko, gure lurraldeko errealitate sozialera eta ekonomikora egokitua.
Patronalak irabaziak handitzen jarraitzen duen bitartean, langile klasearen bizi baldintzek okerrera egin dute. Bizitzaren kostua garestitu da, etxebizitzaren prezioak gora egin du, energiarenak eta elikagaienak ere bai, eta azken urteotako inflazioa jasangaitza izatera iritsi da. Bitartean, langileon soldata duinak bermatzeko borondate politiko faltak, herritarren arteko desberdintasunak areagotu ditu, bereziki emakumeen, gazteen eta migratzaileen artean.
CENeko eta Confebaskeko patronalek uko egin diote negoziazio mahai bat irekitzeari. Aldi berean, EAEko eta Nafarroa Garaiko gobernuek ateak itxi dizkiote ehun mila pertsona baino gehiagok babestutako Herri Ekimen Legegile bat eztabaidatzeari edo prozesua abian jartzeari.
Biztanleriaren zati handi bat prekarietatera kondenatua dagoen bitartean, ezin izango dugu kohesio sozialaz, berdintasunaz eta ongizateaz hitz egin.
Langile klaseari eragiten dionak hezkuntzari eragiten dio, eta hezkuntzak gizartean eragiten du. Errealitate hau, beraz, ez dago hezkuntzatik at. Prekarietateak eta soldata arrakalak gure ikasgelak zeharkatzen ditu, gure lankideak, ikasleak edo familiak.
Askotarikoak dira hezkuntza komunitatea osatzen duten langileak eta hauek gabe ez dago hezkuntzarik. Ez dugu onartuko prekarietatean funtzionatzen duen eskolarik. Hezkuntzaren muina da eskubideak, justizia soziala eta berdintasuna defendatzea. Ezin dugu duintasunik irakatsi bizitza eta soldata prekarioak onartzen baditugu.
Horrenbeste prekarizatu diguten lan merkatu baten aurrean zerbitzu publikoen premia eta hauek defendatzeko beharra agerian geratzen dira. STEILASek ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen aldarrikapen irmoa egin du beti, bereziki hezkuntzan. Muturreko soldatak tarteko, jendarteari kalitatezko hezkuntza eskaintzeko neurri bakarra da hezkuntza publikoa.
Horregatik guztiagatik, STEILASek ere 1.500 euroko LGS propioa eskatzen du soldata duinetarako ezinbesteko urrats gisa; langile guztiendako lan baldintza duinak defendatzen ditugu; aberastasunaren banaketa justu baten alde borrokatzen dugu; Nafarroa Garaiak eta EAEk eskumenak izan ditzaten politika publiko ausartak exijitzen ditugu.
Hezkuntzako langileok ere bizitza duinak, justizia soziala eta guztiondako eskubideak defendatzeko aterako gara kalera martxoaren 17an.
Denon artean lortuko dugu!

Leave A Comment