Martxoaren 17rako grebara deitzen dugu ELAk, LABek, STEILASek, HIRUk eta ETXALDEk, eta gutxieneko soldata Gasteizko eta Iruñeko Gobernuen eskumenpean egotea eta 1.500 eurotan ezartzea exijitzen dugu.

Espainiako Gobernuak 2026rako lanbide arteko gutxieneko soldataren % 3,1eko igoera proposatu du, hilean 1.221 euro. Zenbateko horrekin ezinezkoa da duintasunez bizitzea HEHn, are gutxiago etxebizitzaren edo elikagaien prezioek azken urteetan izandako gorakada kontuan hartuta.

ELAk, LABek, STEILASek, HIRUk eta ETXALDEk, azken hilabeteetan, bi bide landu ditugu gutxieneko soldata HEHn erabaki dadin: alde batetik, Herri Ekimen Legegile bat bi Parlamentuetan, eta bestetik, Lanbide arteko Akordio bat Confebaskekin EAEn eta CENekin Nafarroa Garaian. Herri Ekimen Legegilearen kasuan, ia 140.000 sinadura bildu ziren, baina Parlamentuek proposamena eztabaidatzeko aukera bera ere ukatu zuten. Patronalek, berriz, negoziatzeari uko egin diote.

Gutxieneko soldata funtsezko tresna da gizarte kohesiorako, eta lan baldintza prekarioak dituzten milaka langile pobreziatik ateratzeko balio dezake ere. Kalkulatzen da HEHn 300.000 pertsona baino gehiago daudela 1.500 eurotik behera kobratzen dutenak, horietatik erdia baino gehiago jardunaldi osoan eta zuzenean onuradunak izango liratekeenak. Gainera, LGSaren igoerak soldaten igoera orokorra ekarriko luke, eta horrek langile askoz gehiagori eragingo lieke.

Beste behin ere, gutxieneko soldata Madrildik ezarriko da, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroa Garaiko Gobernuaren konplizitatearekin. Egoera honen aurrean, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok irmoki babesten ditugu martxoaren 17ko greba orokorraren aldarrikapenak, soldaten igoera orokorraren beharra defendatuz eta euskal alderdiei exijitzen diegu lanean jar daitezela gutxieneko soldata propioa helburu. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak proposatutako LGSaren nahikotasun ezaren aurrean, 2026rako 1.500 euroko LGS propioa funtsezko tresna da; horregatik, langile klase osoaren inplikazioa ezinbestekoa da.