Gaurko mahai sektorialeko gai-ordena eta aldez aurretik jaso dugun informazio eskasa kontuan hartuta, STEILASetik kezka eta desadostasuna adierazi nahi dugu. Beste behin ere, bilera jaso dugu aurretik jaso beharreko informaziorik gabe. Hauek izan dira landutako gaiak:

  • Plantillak gazte-berritzeko gaiari erreparatuz, modalitate metatua hartzen ez dutenen kasuan, zaintzak eta ordezkapenak egitea kendu dute funtzioetatik, gure eskaerei erantzunez. Beraz, azken urteetako STEILASen aldarrikapenari erantzun diote. Ikasturte hasieran murrizketa lortzeko arazoak izan zituztenek, ikasturte bukaeran 4 hilabetez irakastordu erdiko murrizketa izango dute, eta irakastorduen erdiaren murrizketa disfrutatu behar zutenei ere, bi hilabetez irakastordurik gabeko lana aitortuko zaie, negoziazio mahaian egindako gure eskaerei esker. Modalitate guztietan, adina betetzearekin batera, lizentzia disfrutatzeko aukerak abian daude eta identifikatu ditugun akatsak zuzentzen dabiltzala komunikatu zaigu.
  • Ikasturte hasierako araudiari dagokionez, ekarpenak eta alegazioak lantzen gabiltza. Dokumentazioa berandu bidali dutenez, ezin izan dugu ganorazko lanketarik egin.
  • Arrisku psikosozialen ebaluazioa dela eta, otsalia eta martxoan zehar arrisku psikosozialei buruzko galdetegi bat egingo zaigu irakasle guztioi. Ikusteko dago hartuko dituzten neurrien eraginkortasuna.
  • Soldatari dagokionez, Hezkuntza Sailak adierazi du urtarrileko nominan 2025eko %2,5aren igoera osoa jasoko dugula, otsailean edo martxoan %1,5aren igoera, baita 2025eko maiatzean adostutako soltada igoera ere, atzerapenak barne. Tutore titularrek tutoretza eta kargu ezberdinen pizgarriak ere urtarrilean jasoko dituzte atzera eraginez. Ordezkoek, aldiz, arazo informatikoak aitzaki, ez dute oraindik jasoko. STEILASetik irmoki salatu dugu ikasturtea hasi eta 5 hilabete beranduago pizgarriak irakasle guztiei oraindik heldu ez izana, Hezkuntza Sailaren utzikeria agerian utziz.

Nahiz eta STEILASek egindako ekarpen batzuk jaso, beste asko berandu iritsiko dira. Hezkuntza Saila benetako mahai eraginkorrak gauzatzeko bidean joan beharrean kontrako norabidean ari da, aldez aurreko informazioa luzatu gabe, funtsezko gaiak jorratu gabe, eta adostasunerako tarte txikia utziz.

Hezkuntza Sailari mahai hauek seriotasunez hartu, edukiz bete eta neurriak dagokion momentuan aplika ditzan eskatzen diogu.