Gaur, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok martxoaren 17rako Oreba Orokorraren deialdia erregistratu dugu ofizialki. Deialdia “Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko” lelopean egin dugu, lan-baldintzen okertzearen eta bizi-kostuaren etengabeko igoeraren aurrean erantzun kolektiboa emateko helburuarekin.
Sindikatuok salatu dugu azken urteotan soldatek ez dutela bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan, eta horrek langileen bizi-baldintzak nabarmen kaskartu dituela. Testuinguru horretan, gutxieneko soldata duin baten beharra premiazkoa dela azpimarratu dugu, eta horregatik aldarrikatu dugu 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa, hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua. Proposamen honek zuzenean 167.000 langileren egoera hobetuko luke Hego Euskal Herrian. Eta LGS altuago batek negoziazio kolektiboa baldintzatzen du soldata igoera handiagoak adostu daitezen.
Era berean, sindikatuok gogorarazi dugu gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Euskal Herritik urrun hartzen direla gaur egun, langileen eguneroko beharretatik eta gure herriaren ezaugarrietatik aldenduta. Horren aurrean, erabakitzeko ahalmena hemen izatea funtsezkoa dela defendatu dugu, lan-harremanetan burujabetzaren bidean urratsak emateko helburuz.
Gutxieneko soldata propioa lortzeko bidean, sindikatuok bi bide landu ditugu: Batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio-mahaia irekitzeko saiakera eginez. Bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, sindikatuok herri ekimen legegilea bultzatu dugu, eta horren alde 138.495 sinadura jaso genituen, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezarri ahal izateko. Bi bideak blokeatu dituzte patronalak eta euren mesedera lerrokatu diren alderdi politikoek. Era berean, sindikatuon iritziz hirugarren bide bat ireki beharra dago, eta ezinbestekoa da gutxieneko soldataren afera EAEn zein Nafarroan estatus juridiko-politikoaren berrikuntzan ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea.
Horren aurrean, sindikatuok argi adierazi dugu patronalak eta bai Nafarroako Gobernuak zein EAEko Gobernuak erantzukizun zuzena dutela gaur egungo egoeran. Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea borondate politiko kontua dela azpimarratu dugu.
Martxoaren 17ko greba orokorraren bidez soldatak hobetzea eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa exijituko ditugu sindikatuok, azken urteetan enpresen eta kapitalaren irabaziak handitu diren bitartean langileek galera izan dutela salatuz. Grebak, halaber, lan-harremanen esparruan erabakitzeko ahalmena hemen izateko beharra mahai gainean jarriko du. Eta greba honek ere herritarren parte-hartze demokratikoaren alde jotzen du, pentsiodunen herri-ekimen legegilearekin batera hilabete gutxi batzuetan ia 300.000 pertsonen nahiari muzin egin eta eztabaida irekitzeari uko egin dieten alderdi politikoen autoritarismoa salatzeko.
Greba Orokorra tresna kolektibo eta legitimoa da patronala eta instituzioak interpelatzeko, eta langile guztiei dei egiten diegu mobilizazioarekin bat egitera. Datozen asteetan, grebaren arrazoiak eta helburuak azaltzen eta lantzen jarraituko dugu, lan zentroz lan zentro eta auzo eta herrietan antolatuko ditugun ekimen eta batzarren bidez.

Leave A Comment