Hezkuntza Sailaren jokabidea onartezina da: lan-baldintzak aldebakarrez aldatzeko saiakera Hezi+ ebazpenaren bidez.

STEILASetik publikoki salatu nahi dugu Hezkuntza Sailak abiarazi duen jokabide larria: 2025eko maiatzean sinatutako irakasleen lan-baldintzen akordioa de facto aldebakarrez aldatzeko saiakera egiten ari da, Hezi+ programaren ebazpenaren bidez, sindikatuokin inolako negoziaziorik ireki gabe eta informaziorik helarazi gabe; lan-akordioaren 5. eta 7. artikuluak urratuz.

Hezi+ proiektuaren deialdia zuzenean bidali zaie ikastetxeetako zuzendaritzei, eta bertan jasotzen diren neurri batzuek, bereziki He-Hobetuz izenekoak, irakasleen lan-denboraren antolamenduan eta ordutegi osagarriaren erabileran eragin zuzena dute. Zehazki, DBHko irakasleen asteko 7 ordu osagarrietatik %10 jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoetara bideratzearen derrigortasuna ezartzen da, ikastetxeen “borondatezko” atxikimenduaren aitzakian. Hau da, ikasleentzako baliabide gehigarriak lortzeko irakasleak arreta zuzeneko 18 ordu egitera eta ikastetxeetan permanentziazko ordu gehigarri bat egitera behartu nahi ditu Hezkuntza Sailak, lan-akordioko 26. artikuluari kontra eginez.

Lan-baldintzak ez dira proiektu pedagogikoen bidez, ezta zuzendaritzei bidalitako ebazpenen bidez ere alda daitezkeen kontuak. Lan-baldintzak negoziazio kolektiboan adosten dira, eta 2025eko maiatzeko akordioa indarrean dago. Hezkuntza Sailak ezin du, atzealdetik eta isilpean, akordio hori hustu edo berrinterpretatu.

Gainera, kezkagarria da Hezkuntza Sailak erabiltzen duen prozedura: sindikatuoi ez zaigu ezer jakinarazi, ez da negoziazio-mahairik deitu eta zuzendaritzei presioa egiten zaie “erantzukidetasun-konpromiso” izeneko dokumentuen bidez, ondorengo zehaztapenak gero etorriko direla esanez.

Hau xantaia instituzionalaren logikan kokatzen da: baliabideak eta proiektuak eskaintzen dira, trukean irakasleen lan-denboraren erabilera baldintzatuz, eta hori guztia gardentasunik eta berme sindikalik gabe.

Hezkuntza Sailari zera eskatzen diogu:
1. Hezi+ ebazpenak lan-baldintzetan duen eragina bertan behera uztea, berehala.
2. 2025eko maiatzean sinatutako lan-akordioa osorik errespetatzea.
3. Ikastetxeetako klaustroei eta zuzendaritzei presiorik ez egitea, ezta erantzukizun hori euren gain uztea.
4. Ikastetxeen finantzaketa eta baliabideen zuzkidura proiektu zehatzei lotuta ez egotea, beharrei baino.

STEILASetik ezin dugu inolaz ere onartu ikasleen beharrak eta Eskola Publikoaren baliabideak irakasleen lan-baldintzen okertzearen truke planteatzea. Dei egiten diogu Hezkuntza Sailari holako jarrerak albo batera uzteko eta 2025eko lan-akordioaren eduki guztiak adostutako baldintzetan betetzeko. Gure esku dauden baliabide guztiak martxan jarriko ditugu Hezkuntza Sail honen jarrerari aurre egiteko.

Euskal Herria 2026ko urtarrilaren 20an