ELA, LAB, STEILAS, Hiru eta ETXALDE sindikatuak hirutan saiatu gara Confebaskekin EAErako gutxieneko soldata ezarriko duen lanbidearteko akordio bat negoziatzen. Confebaskek hiru saiakeretan uko egin dio negoziaketa abiatzeari eta negoziazio mahaia osatzeko aukerarik ere ez da izan. Gaur EAEko Auzitegi Nagusiak sindikatuok patronalaren aurka ezarritako demanda aztertu behar izan du, Confebaskek laugarren aldi batean epaiketa burutu aurreko adiskidetzeari uko egin eta gero.

Epaiketan ELAk, LABek STEILASek, Hiruk eta ETXALDEk defendatu dugu langileen estatutuak EAEko akordioei lehentasuna eman ondoren bi aldeek bertako hitzarmen eta akordioak negoziatzeko obligazioa dutela. Zehazki, demandan jaso bezala: “Gaur egun 84. artikuluak arautzen du erkidegoetako lanbidearteko hitzarmen eta akordioek estatukoen aldean duten aplikazio-lehentasuna (betiere baldintza onuragarriagoak ezartzen badira), eta arauaren interpretazio sistematiko eta teleologiko batek ondorio honetara garamatza: negoziatzeko betebeharra egongo da baldin eta autonomia-esparruko akordio bat negoziatu nahi bada, eta, sinatuz gero, legeak aitortzen dion aplikazio-lehentasuna izango du”.

Patronalak sistematikoki uko egiten dio EAEn hitzarmen berriak negoziatzeari, estatu mailako hitzarmen eta akordioek langileak muturreraino esplotatzeko aukera ematen diolako. Hala egin du Kimiketako, Enplegu Zentru Berezietako, Etxeko Langileentzako edo Euskaltegietako lehen hitzarmenak negoziatu nahi izan direnean, eta hala egiten ari da orain sindikatuok gutxieneko soldata negoziatu nahi izan dugunean ere. Confebaskek legeari muzin egin dio eta ahaztu du “demandatzaileek legitimitatea dutela autonomia-erkidegoko negoziazio kolektiboa eskatzeko” .

Patronalaren ezezkoak argudiorik gabe utzi ditu EAJ eta PSE-EE. Eusko Legebiltzarrean sindikatuok proposatutako herri ekimen legegileari ezezkoa eman zioten gutxieneko soldata ezartzeko patronalarekin akordio batera iristea bide zuzenena dela iritzita. Bada, patronalak jadanik lau aldiz egin dio uko negoziatzeari eta, hala ere, EAJk eta PSE-EEk ez dute onartu 138.495 langilek eskatu bezala gutxieneko soldata ezartzeko legezko eskumena eskatu beharra dagoela. ELGAko herrialdeen %90 baino gehiagok legez ezartzen dute gutxieneko soldata, patronalari soldaten egitura ezartzeko monopoliorik ezin zaiolako eman. Aldiz, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek Confebaski monopolio hori eman nahi diote eta horregatik ez dute gutxieneko soldata ezartzeko eskuduntzarik nahi.

Epaiketak berriz ere argi utzi du martxoaren 17ko greba orokorra ezinbestekoa izango dela enpresarien eta alderdi politikoen jarduera baldintzatzeko eta Hego Euskal Herriko langileen kohesio soziala posible egin dezakeen gutxieneko soldataren eskuduntza irabazteko.