Atzo, urtarrilak 22, mahai teknikoa eta mahai parekidea izan genituen Hezkuntza Sailarekin.

Aipatzeko da tamalgarria dela sailak egunerokotasunean hainbeste eragingo diguten gaien inguruan duen seriotasun eskasa. Denbora aurrera doa eta, ikasturtea erdira iritsi den arren, hainbat prozedura oraindik abiapuntuan ditugu, horrek gerora ekarriko dituen arazo guztiei muzin eginez.

PLANGINTZAKO MAHAI TEKNIKOA

Aniztasunerako eta inklusiorako zuzendaria bertaratu zen mahaira. Ikastetxeek ikasleen aniztasunari erantzuteko behar dituzten baliabideak esleitzeko modua arautzen duen dokumentua bilera bezperan helarazi ziguten. Dokumentua aurreko ikasturteetakoaren gainean egindako zenbait aldaketekin aurkeztu bazen ere, azpimarratu behar da aldaketa horiek ez direla funtsezkoak. Beraz, betiko dokumentua, betiko argudioak eta negoziaziorik ez.

Beraien hitzetan, une honetan dauden beharrak asetzen ari dira, eta edozein aldaketa negoziatzeko aukera aurrerago izan beharko litzateke, baina ez inolaz ere orain.

Hau da erakusten duen borondatea eta horrela ulertzen du sailak negoziazioa, dokumentuak aurkeztu eta eztabaidarik gabe aurrera egitea.

MAHAI PAREKIDEA

EUSKALDUNTZEA
Gaur egun hezitzaileen LPZ (lanpostuen zerrenda) osatzen duten lanpostu guztiak HLEA edo PL1 hizkuntza eskakizunarekin daude perfilatuak. Hori ez dator bat zerrendetan sartzeko eskatzen den hizkuntza eskakizunarekin, beraz, LPZ guztia modifikatu behar da. Horretarako proposamena helaraziko digute eta guk ere ekarpenak egiteko aukera edukiko dugu.

STEILASetik argi daukagu hori dela bidea, horregatik jaso dugu ordezkoen araudian hizkuntza-eskakizuna C1a izan behar duela, eta ahalik eta lanpostu gehienek horrela perfilatuta egon behar dutela. Datozen egunetan gure ekarpenak egingo ditugu.

ALDI BATERAKO EZINTASUNEN KUDEAKETA (BAJAK)
Atzo azalpenak eman zizkiguten lehen egunetik bajak ez ordezkatzearen arazoari buruz. Haien esanetan, Gizarte Segurantzak bajak erregistratu arte ezin dituzte ordezkapenak eskaini; lehen prozesua azkarragoa bazen ere, gaur egun bizpahiru eguneko atzerapena gertatzen da. Hala ere, atzo emandako azalpenek ez zituzten gure zalantzak argitu, eta beste behin ere, borondate kontua dela deritzogu.

Atzo bertan Funtzio Publikoko bilera bat zutela adierazi ziguten, eta gai hau bertan landuko zutela, konponbideren bat bilatzeko asmoz. Horren inguruko informazioa bidaltzekotan geratu ziren.

ESKAERAK
Bileran bertan hiru eskaera luzatu genizkion sailari.
• Adinagatiko arreta zuzenaren murrizketa; irakasleei baldintzak betetzen dituztenean (60 urte betetzean) arreta zuzenaren herenaren murrizketa baimentzen zaie dagoeneko. Eskaera ikasturte osoan zehar aurkez daiteke, langileak baldintzak betetzen dituen unean eskatzeko aukera izan dezan. Atzo, Hezitzaile guztiei aukera hau zabaltzea eskatu genuen.
• Irakasleek, iaztik, adinagatiko ordu-metaketak eskatzeko aukera dute, eta lan-legepeko irakasleek abuztutik aurrera ere. Atzo, aukera hori hezitzaile guztiei ere zabaltzea eskatu genuen; alegia, 60 urtetik gorako hezitzaileek, adinagatiko murrizketa eskatu beharrean, orduen metaketa eskatzeko aukera izatea, urtero lau hilabeteko lana metatuz eta jubilazioaren aurretik pilatutako hilabete horiek guztiak aldez aurretik gozatu ahal izateko, lanera joan beharrik gabe.
• Ikasturte hasieran, ordezkapenekin egon diren arazoak direla medio, adinagatiko murrizketa baimendua zuten langile askok ezin izan dute baimen hori baliatu, ordezkorik ez zegoelako. Ondorioz, lanaldi osoan lanean egon diren denbora hori konpentsatzea eskatu genuen, ez baita bidezkoa jasan duten lan-zama. Guzti hau baloratuko zutela aipatu ziguten eta, STEILASetik argi dugu gai honen inguruan lanketan jarraituko dugula, proposamenak bidaliz eta aukera berdintasuna bermatuz.