Nafarroako Auzitegi Nagusiak eta Auzitegi Gorenak arrazoia eman diote STEILASi, eta eskola jardunaldien Foru Aginduaren lau puntu baliogabetzen ditu.

STEILASek pozez hartu du Auzitegi Gorenak Nafarroako Gobernuak jarritako kasazio errekurtsoa ez onartu izana, gaiaren mamia baloratzera sartu ez dela.

Horrenbestez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2024ko iraileko epaia jada irmoa da, eta baliogabetu egiten ditu eskola jardunaldiei buruzko 106/2023 Foru Aginduaren 12.7, 13 eta 14.1 artikuluak, bai eta hirugarren xedapen gehigarria ere.

Gogoratu behar da 2021/22 eta 2022/23 ikasturteetan, hainbat partaidetza prozesutan, mahai sektorialetan eta Nafarroako Eskola Kontseiluan, hezkuntza arduradunei ohartarazi geniela beren eskumenak behar ez bezala eta gehiegikeriaz aplikatzen ari zirela, indarrean zegoen legeditik kanpo arau berri bat sortzeko, bai eta erabaki horrek hezkuntza sistemarentzat zituen arriskuei buruz ere. Medioetan ere ondorio horien berri eman genuen.

Hala eta guztiz ere, modu maltzurrean eta nahita, Gimeno kontseilariak eta bere taldeak, beste behin ere, agindua ezarri zuten, planteatutako eragozpen guztiei entzungor eginez, eta Nafarroa Garaiko ikastetxeak bozketa prozesuak hastera behartu zituzten, jardunaldi jarraitua mantendu nahi bazuten.

Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoko sindikatu guztiok araudi hori salatu genuen eta horren aurka agertu ginen, funtsik eza eta egiten ari zen inposizioa salatuz eta arriskuez ohartaraziz. Baina STEILAS izan da amaieraraino iritsi dena eta kontraesan hori gelditzea lortu duena, Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoaren sindikatu nagusi bezala arduraz jokatuz.

Epai horrekin zenbait gauza lortu ditugu: irakasleen klaustroaren ahotsa erabakitzailea izatea eskola antolaketari dagozkion sakoneko aldaketetan (13. art); ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseilua berriro organo erabakitzaile nagusia izatea eta honela hezkuntza komunitate osoa ordezkatuta egotea (14.1 art.); eta irakasleentzako murrizketa bat ere indargabetu dugu, zuzkidura ekonomikorik eta plantilla handitzerik gabeko irakaskuntza zuzeneko ordu bat gehiago luzatzea zekarrelako (Hirugarren xedapen gehigarria).

Are gehiago, aukera berri bat ireki da Hezkuntza Departamentuak, behingoz, 12.7 artikulua berridaz dezan eta boto emaileen errolda osoaren 3/5en aldeko botoa eskatzeari uzteko eta gehiengo soil bidezko bozketa sistema batera aldatzeko.

Epaileak erabaki du Hezkuntza Departamentuak bere eskumenak gainditu zituela, familiei erabakitzeko ahalmen guztia eman zielako, eta ez zituen kontuan hartu irakasleen klaustroa eta Eskola Kontseilua, hezkuntza komunitate osoaren ordezkaritza organo gorena, nahiz eta egoera horretaz ohartarazi genuen, eta, hala ere, jarduera hori aurrera eramatea erabaki zuen.

Gure ustez, epaiak jasotzen duen bezala, familien ahotsa behar bezala bermatuta dago, epaileak dioen bezala “batere gutxiesgarria ez den ehuneko baten bidez”, eta, hemendik aurrera, “ez zaie erabakitzeko gaitasunik kenduko irakasleei eta Eskola Kontseiluko gainerako kideei, baldin eta aldez aurretik familiek aldeko 3/5eko botoak lortzen ez badituzte”.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2024an epaia eman zuenean egin genuen bezala, orain, irmoa den honetan, STEILASetik Nafarroako Garaiko irakasleon lorpen gisa ospatzen dugu epai hau, eskola jardunaldiari buruzko araudietan ezkutatzen diren ordutegi murrizketak geldiaraztea lortu dugulako, irakasle klaustroari hitza eta botoa berriro ematea lortu dugulako, eta gogorarazi dugulako edozein ikastetxetako Eskola Kontseilua dela, azken batean, hezkuntza komunitatearentzat garrantzi berezia duten prozesu oro kontsultatu behar zaizkion organo erabakitzaile gorena.

Beraz, Kontseilariaren esku dago egindako bidegabekeria larria aitortzea. Hori egin ezean, presazkoa da prebarikatzeari uztea, bere erantzukizunak bere gain hartzea eta dimisioa ematea, Departamentu berri bati bide emanez, non irakasleak eta ikastetxeak izango diren sistemaren benetako lehentasuna.