Gaur, Hezkuntza Sailak azken asteetan egindako mugimenduak salatzeko bildu gara, besteak beste; ikastetxe publikoen fusioak, lanpostuen galerak, matrikulazio dekretua eta lan-akordioaren urraketa.

STEILASetik Begoña Pedrosa sailburuak pasa den astean iragarritako ikastetxe publikoen fusio eta itxierak gogor salatu nahi ditugu. Jaiotza-tasaren jaitsiera aitzaki hartuta, Hezkuntza Sailak
berriro ere Euskal Eskola Publikoa ahultzeko eta azken hamarkadetako hezkuntza politika pribatizatzaileei jarraipena emateko hautua egin du, ikastetxe publikoak eta pribatuak maila berean jarriz.

Azken urteetan Hezkuntza Sailak izan duen utzikeriaren adierazle dira fusio hauek, eta administrazioaren aldetik Euskal Eskola Publikoarekiko konpromiso eskasa adierazten dute.

Fusioak eta lanpostuak

STEILASetik joera hau arriskutsua eta onartezina dela deritzogu, bereziki, langileon amortizazioa badu helburu. Hala, Hezkuntza Sailari planifikazio bilerak deitzeko exijitzen diogu. Planifikazioak lanpostuekin lotura zuzena du, hortaz, STEILAS sindikatutik jarraipen zorrotza egingo dugu, eta ez dugu onartuko plantilaren inolako murrizketarik.

Aspalditik ari gara salatzen Hezkuntza Sailak aldebakarrez jokatzen duela. Oraingoan ere, izandako planifikazio bilera bakanetan gardentasuna eskatu dugun arren, sindikatuen bizkarrera jokatu du Hezkuntza Sailak, alde soziala bigarren planoan utziz. Informazio falta nabarmena izan da, eta hurbileko irakasleengandik jaso ditugu berriak.

Ezin ahaztu, era berean, Begoña Pedrosa sailburuak aurreko astean iragarritakoak: datorren ikasturtean emango diren fusio, integrazio edo, kasu batzuetan, ikastetxe publikoen itxierak. Komeni da azpimarratzea aurretik ere beste eskola publiko batzuetan eman direla halakoak: Ermuako Ongarai eta Anaitasuna, Portugaleteko Maestro Zubeldia eta Virgen de la Guía, Bilboko Pio Baroja eta Txurdinaga, Gasteizko Umandi eta Padre Orbiso…

Pedrosak fusioetarako aipatzen dituen argudioak, segregazioari aurre egiteko aitzakiarekin justifikatzen ditu: konplexutasun indize altuak, matrikulazio jaitsierak edo ikastetxe «flojoak». STEILASetik argi dugu: iragarritako fusioek ez dituzte arazo estrukturalak konpontzen, oinarria sistema dualean baitago. Horrek betikotzen ditu segregazioa, baliabide falta edota ikasleen
arteko desoreka soziala. Arazo horien konponbidea baliabideak handitzean datza, besteak beste; langile gehiago, arreta pertsonalizatua eta beharrezkoa den diru-inbertsioa.

Matrikulazioari erreparatuta, Hezkuntza Legean jasotako Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa aplikatzeko agindu eta dekretuak salatzen ditugu, esaterako, planifikazio eta onarpen dekretuak. Dekretu horiek hirietako auzoetan edo herrietan ikaspostu publikoen suntsiketa dakarte eta, bitartean, ikastetxe pribatuak ituntzen jarraitzen du Hezkuntza Sailak. EAEko ikasleen %49a matrikulatzen du itunpeko sareak. Hezkuntza sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra bihurtu behar da, hori baita gizarte guztiaren aukera berdintasuna, ekitatea eta gizarte kohesioa bermatzeko bide bakarra.

Benetako konponbidea, alde batetik, baliabideak handitzea da. Bestetik, segregazioari aurre egiteko politikak indartzea. Eta azkenik, sare publikoarekiko benetako apustua egitea eta ausardia politikoa izatea, izan ere, Hezkuntza Sailak hamarkadatan bultzatutako sistema dualak sortu du gaur egungo egoera, eta hori ez da inola ere konponduko sare publikoa ahulduz eta sare pribatua indartuz.

STEILASetik gogor salatzen ditugu Begoña Pedrosa buru duen Hezkuntza Sailaren azken aldebakarreko erabaki hauek. Eskola publiko gehiago ez ixteko eta sistema duala gainditzeko aurrerapausoak emateko honako egiturazko konponbideak defendatzen ditugu, jakitun baikara eskola publikoaren itxieren aurrean alternatiba erreal eta bidezko bakarra direla:

• Hezkuntza sare publiko bakarra
• Planifikazioan ikas-postu publikoak lehenetsi eta itundutakoen eskaintza murriztea.
• Hurbiltasunezko eskolaratzea sustatzea.
• D murgiltze eredua orokortzea.
• 0-3 etapa eskola mapan txertatzea.
• Hezkuntza publikora BPGren %6a bideratzea, baliabide nahikoak bermatzeko, batez
ere, HKI altua duten ikastetxeetan.
• Matrikulazio leihatila bakarra.
• Ikastetxeen lehiakortasun logika ezabatzea.
• Eskola demokrtikoak eta parte-hartzaileak sustatzea.

Hezkuntza ez da merkatu bat eta ezin du merkatuaren logiketan funtzionatu. Hezkuntza eskubide kolektiboa da eta administrazioaren ardura da hori bermatzea. Eskola publikoa da kohesio soziala, berdintasuna, euskalduntzea eta justizia soziala bermatzen dituen hezkuntza eredu bakarra. Horregatik, STEILASek ez du onartuko Hezkuntza Sailak eskola publikoak ixterik; lanean eta borrokan jarraituko du, hezkuntza komunitatearekin batera, Euskal Eskola Publikoaren defentsan.

Lan-akordioaren urraketa

Aipatu berri diren ikastetxeetan emango diren aldaketez gain, azken egunetan Hezkuntza Sailak izandako jokabide onartezina ere salatu nahi dugu: 2025eko maiatzaren 9an sinatutako irakasleen lan-akordioa urratzen duen Hezi+ ebazpena bidali du Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetara sindikatuekin ezer adostu eta negoziatu gabe.

Lehen hezkuntzan ere, iaz lortutako ratio jaitsiera, etapa osoan ezarri beharrean, joko zikin baten bitartez lehenengo mailan bakarrik aplikatzen saiatzen ari da.

Hori gutxi balitz, Irale programan emango diren murrizketen xehetasunak eskatu dizkiegun arren, ez dute inolako azalpenik eman. Halere, lanpostuak galduko direla, zerbitzuaren pribatizazioa eta euskararen gutxiestea ekarriko dituela esan dezakegu.

Beraz, azaldutako guztiagatik, Begoña Pedrosak zuzentzen duen Hezkuntza Sailari aldebakarreko inposizio jarrera eta hezkuntza politika pribatizatzailea alde batera uzteko, langileen lan-baldintzak errespetatzeko eta astelehenean hasiko den matrikula garai honetan Euskal Eskola Publikoaren aldeko apustu argia egiteko eskaera luzatzen diogu STEILAS sindikatutik.