Haurreskolak Partzuergoan negoziazio gabe jarraitzen dugu 6 hilabete eta gero.

Hilabete baino gehiago pasa da azken Steilasberria argitaratu genuenetik, eta geroztik, egoerak ez du hobera egin.

Haurreskolak Partzuergoarekin komunikazioa guztiz blokeatuta dagoen honetan, aurreko astean, beste behin ere, Mahai Negoziatzailea deitzeko eskaria helarazi genien Zuzendaritza Batzordeko kideei. Astebete beranduago, erantzunik gabe jarraitzen dugu.

Tamalgarria da Haurreskolak Partzuergoak hurrengo lerroetan zerrendatuko ditugun gaiei merezi duten lanketa eta garrantzirik ez ematea eta, ikasturtea hasi zenetik ia sei hilabete pasa direnean, guzti hauetaz hitz egiteko inongo proposamenik ez egotea mahai gainean.

2024ko apirileko akordioa: 63 lanpostuek lanpostuen zerrendan txertatu gabe jarraitzen dute.
Ekoizpenagatiko kontratu bidez hornitu baziren ere (lan metaketa bidez), lanpostu horiek gaur egun lanpostuen zerrendan txertatu gabe jarraitzen dute, administrazioak akordio horretan sinatutakoa urratuz. Gogoratu behar dugu STEILASek sinatutako akordio hori ikasturte guztietan aplikatu behar dela. Ondorioz, une honetan, urtarrila amaitzear egonik, berriro errepikatu diren lan metaketen azterketa egin behar dugu eta lanpostu horiek sortu eta hornitu behar dira. Eta, oraindik, aurrekoekin sortutako arazoa ez dago guztiz konponduta.

Kudeaketa langileen ordezkoen araudia eta barne sustapenaren araudia lantzeko daude.

Aurreko ikasturteko lan hitzarmenaren sinadurak, dokumentu hauen lanketa egingo zela jasotzen zuen. Urtebete eta gero, lanketa hori ez da eman, zintzilik geratu diren gaien zerrenda handituz.

Hezisarea.

Hobetu edo konpondu beharreko hainbat atal eta prozedura daude, eta hainbeste ekarpen egin ditugu, erantzun gabe daudenak. Lan metaketen banaketaren kasuan, adibidez, azaroan partekatu genizuen proposamena helarazi genien (https://labur.eus/gaa3kzjq), baina gaur egun horrek erantzunik gabe jarraitzen du eta badira lan metaketa hartzeko aukerarik gabe geratu diren hautagaiak.

Udal Haur Eskolen integrazioari buruzko informazioa.

Azken hilabeteetan hainbat udalek beraien Haur Eskolak Partzuergoan integratzeko erabakia hartu dute. Gaia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eta lanketa sakona egin beharko genuke: zeintzuk diren emandako pausuak, zenbat eskaera dauden, zer gertatuko den langile horiekin… Integratzeko epea laister amaituko da eta alde sozialarekin ez dute inongo informaziorik partekatu.

Lekualdatze-Lehiaketa eta abuztuko esleipena

Hurrengo ikasturteari begira arautu beharreko prozeduren azterketa eta lanketa egin nahi ditugu STEILAS sindikatutik. Prozesu hauek aurreikuspen gehiagorekin egin ahal izateko, denboraz hasi behar dugu hauek lantzen, baita horiek aurrera eramateko beharrezkoak direnak ere; lanpostuen zerrenda, adibidez.

2025eko soldata igoera.

Gobernu Kontseiluak abenduan onartu zuen soldata igoera. Jakin izan dugunez, urtarrilean igoera aplikatuko da beste sektore batzuetan. Baina partzuergoaren izaera administratiboa dela eta, igoera Mahai Negoziatzaile batean onartu behar da; ondorioz ez dakigu noiz jasoko dugun.

Errelebo kontratua

Erretirorako aukera hori gabe jarraitzen dugu; beraz egoera honi irtenbidea bilatzeko, aukera desberdinak mahaian jarri behar dira, horri zehazki bideratutako EPEa, adibidez.

Agerian geratu denez, asko dira Hezkuntza Sailarekin eta Haurreskolak Partzuergoarekin jorratu beharreko gaiak. Presazkoa da ahalik eta azkarren biltzea, gehiago atzeratu ezin daitezkeen gaiak lantzeke baititugu.

Aurreko testuetan esan bezala, Haurreskolak Partzuergoa zerbitzu moduan eta bertako langileok merezi dugun errespetua nahi dugu. STEILASetik administrazioari ahalik eta azkarren mahaiak deitzea exijitzen diogu.