EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak KEren eta AICE-IZEAren aurkako epaia eman du berriro, eta Greba Amaierako Akordioa betetzera eta, beraz, irakastordu bat murriztera behartu ditu, baita lan pertsonaleko 4 ordutik 5era igotzera ere.
Patronalek eta ikastetxeek ez zuten bete Greba Amaierako Akordioa (GAA) soldatak eguneratzeari uko egin ziotenean. STEILASek, gainerako sindikatuekin batera, auzitegietara eraman genuen, arrazoia eman ziguten eta ordaintzera behartu zituzten. 2025eko irailetik, beste behin GAAn sinatutakoa urratzen dute, uko egin baitiote irakastordu bat murrizteari eta lan pertsonaleko orduak 4tik 5era igotzeari. Ez-betetze berri honen aurrean STEILASek eta gainerako sindikatuek berriro salatu ditugu KE eta AICE-IZAE patronalak, eta honekin batera ekintza sindikala aktibatu dugu.
Patronalen esanetan, interpretatzen zuten ezinbestekoa zela Hezkuntza Sailak eskola ordu murrizketa hori finantzatzea. Errealitatea da ez dela inoiz interpretazio arazorik egon, fede txarra eta borondate eza besterik ez da egon. Aplikatuko zutela sinatu zuten eta horrela egin behar dute, aitzakiak albo batera utziz. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ozen eta argi esan dio eta, berriro ere, KE eta AICE-IZEAren aurkako epaia eman du. Beste behin arrazoia ematen die langileei, patronalak sinatutakoa betetzera behartuz, eta ikastetxeak 2025eko irailaren 1etik irakastordu bat murriztera behartuz. Era berean, lan pertsonaleko ordu osagarriak 4tik 5era igotzera behartzen ditu.
Beraz, STEILASetik patronalei eta ikastetxeei exijitzen diegu 2024ko otsailaren 5ean sinatu zuten akordioa eta orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duena lehenbailehen betetzeko, eta bide batez duela ia 2 urte sinatutako akordioa gehiago ez urratzeko.
Datorren astean STEILASek, eta gainerako sindikatuek, Negoziazio Mahaiaren bilera izango dugu LHKn, bertan patronalei GAA bere osotasunean aplika dezatela eta epaia berehala bete dezatela exijituko diegu, eta behingoagatik sektoreko 9000 langileen eskubideak errespeta ditzatela. Eta hitza betetzen ez dutenez, gutxienez, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia bete dezatela.
STEILASek langileen lan baldintzen alde borrokan jarraituko du!
Leave A Comment