Hezkuntza Sailak azken egunotan HEZI+ hezkuntza berriztatzeko eta hobetzeko proiektuaren ebazpena bidali die EAEko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako zuzendaritzei, gaur egun indarrean dagoen Hedatze proiektua ordezkatzeko asmoz. Ebazpen horren arabera, ikastetxeek otsailaren 5a baino lehen bidali behar dute erantzunkidetasun-konpromisoa, eta horretarako klaustroek proposamenaren balorazioa egin behar dute, ondoren eskola-kontseiluak onarpena eman dezan.

HEZI+ ebazpenaren bidez, akordioaren urraketa areagotu egiten da, Bigarren Hezkuntzan gehienezko 17 eskola-orduei ordubete gehitzeko atea irekitzen baitu.

Egoera hori bereziki larria da, kontuan hartuta Hezkuntza Sailak oraindik ez diola erantzun STEILAS, LAB eta CCOOirakaskuntza sindikatuok, urtarrilaren 27an, egindako bilera-eskaerari, HEZI+ proiektuaren edukiak, helburuak eta baldintzak negoziatzeko eskatu genionean. Horren ordez, Hezkuntza Sailak otsailaren 29rako bilera batera deitu zituen zuzendaritzak, sindikatuak informazio eta negoziazio esparrutik kanpo utziz.

Gauzak horrela, berriro ere Hezkuntza Sailari lehenbailehen bilera deitzeko eskatzen diogu.

STEILAS, LAB eta CCOOirakaskuntza sindikatuok gure kezka eta erabateko desadostasuna adierazi nahi dugu HEZI+ proiektuaren planteamendu berriek dakartzaten ondorioengatik, bai ikuspegi pedagogikotik, bai antolakuntzatik, eta bereziki irakasleen lan-baldintzetan izango duten eraginagatik. Ikasleei eskaintzen zaizkien baliabide gehigarriak ezin dira langileen lan-baldintzak urratuz ezarri.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailari berriz ere xantaia-logikak eta inposiziojarrerak albo batera uzteko eta HEZI+ ebazpenaren inguruko negoziazio prozesua irekitzeko eskatzen diogu, proiektuaren edukiak, helburuak eta baldintzak sindikatuekin adostu ahal izateko, betiere 252/2025 Dekretua errespetatuz. Izan ere, akordio hori ez betetzeak ondorio legalak baititu.

STEILAS, LAB eta CCOOirakaskuntza sindikatuok HEZI+ adostu baten alde egiten dugu, hori izango baita hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea bermatuko duena, lanbaldintzak errespetatuko dituena eta Hezkuntza Publikorako beharrezkoak diren baliabide nahikoak oinarri izango dituena.

Testuinguru honetan, gogorarazi nahi dugu atzo, urtarrilaren 29an, EHAAn argitaratu zela 252/2025 Dekretua, abenduaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa onartzen duena. Hiru sindikatuon bilera-eskaerari erantzunik eman ez zaionez, eta dekretu hori gaur, urtarrilaren 30ean , indarrean sartzen den lehen egunean, STEILAS, LAB eta CCOOirakaskuntza sindikatuok Batzorde Paritarioaren bilera otsailaren 9an egiteko deia erregistratu dugu, 11:00etan, Lakuan, dekretuak berak 85. artikuluan jasotzen dituen eskumenak baliatuz.

Horregatik guztiagatik, elkarretaratzea egin dugu gaur, urtarrilaren 30ean, Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean (Gran Vía 85). Era berean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako klaustroei dei egiten diegu otsailaren 5ean (osteguna) mobilizazioak egiteko, bai sarrera-irteeretan baita atsedenaldian ere.

HEZI+ HORRELA EZ! AKORDIOA BETE!