Euskara oldarraldi betean dago. Etengabekoak dira jasaten dituen eraso judizial, mediatiko eta politikoak. Hala, euskararen normalizazioari berme juridikoa emango dioten neurri eta erabakiak behar ditugu, zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa baita euskara: hezkuntzan, osasungintzan, arreta guneetan…

STEILAS sindikatutik, gehiengo sindikalarekin eta bestelako eragileekin elkarlana bultzatu dugu euskalduntze ekimen orotan. Baina, ahalegin horrekiko administrazioen erantzuna etsigarria da eta hezkuntzan bertan ere atzerapausoak egiteko saiakerak antzematen ditugu.

Egoera aztertuta, euskarari egiten ari zaizkion erasoei erantzute aldera, aldarrikapen hauekin bat egiten dugu:

• Euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
• Administrazioak erabat euskalduntzeko planak abian jartzea, beharrezko neurriekin eta bermeekin.
• Erabiltzaileek euskara zerbitzu hizkuntza izateko eskubidea bermatzea.
• Nafarroa Garai osoan euskara ofiziala izan dadin zonifikazioarekin amaituko duen euskararen lege berri bat aldarrikatzea. Bitartean, euskara eskakizun ez den lanpostuetan, gutxienez meritu izatea.
• EAEn lanpostu guztiek hizkuntza eskakizuna izatea.
• Nafarroa Garaiko Hezkuntzan PAI programa desagertzea eta EAEn hizkuntza ereduen sistema gainditzea, euskarazko murgiltze eredu bakarraren bidean.
• Politika eta ekintza euskarafobiko oro gaitzestea eta euskarak egun bizi duen diskriminazioa salatzea.
• Gure hizkuntzaren aldeko berme juridikoak egon daitezen, politika egokiak eskatzea.

STEILAS sindikatuan euskararekiko dugun konpromisoa berretsiz, elkarretaratzeak egin ditugu egunotan Hego Euskal Herrian: otsailaren 2an EAEko hiriburuetan eta otsailaren 3an Iruñean.
Ezinbestekoa da hezkuntza sistema osoa euskaldunduko duten politikak ezartzea, ikasle eta langileen hizkuntza eskubideak bermatu daitezen.

Euskararik gabe, kalitatezko zerbitzu publikorik ez!