Ulergaitza egiten zaigu hezkuntzako sailburua ikastetxeen integrazioen onuraz aritzea, eta haiek dakarten albokalteez ez aritzea. Gainera, bera kide den gobernuak, hezkuntza-politikak, eskola-segregazioa eta gizarte-desberdintasuna eragiten dituen hezkuntza-sistema duala iraunarazi duen bitartean. Pedrosa sailburuak adierazi duenez, “ikastetxe batzuetan konplexutasun handiko egoera gertatzen da, hau da, ikasle oso zaurgarriak, gehienak ikasle etorkinak”, gerora sortutako zerbait izango balitz bezala, ikasleen ardura balitz bezala. Baina errealitatea da hezkuntza-politiken ondorio zuzena dela. Urteetako utzikeriaren islada da hau, eta hortaz ere jabetu beharko litzateke sailburua.
Gure buruari galdetzen diogu: “hau ote da benetan hezkuntza ona eskaintzea?”.
Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da neurriak hartzea hiru D-ak saihesteko: hezkuntza publikoaren desgastea, desprestigioa eta desegitea; ezkutuko estrategia horrek hezkuntzaren pribatizaziorantz eramango baigaitu. Hezkuntza ez da merkatu bat eta ezin du honen logikapean funtzionatu. Hezkuntza eskubide kolektiboa da eta administrazioaren ardura da hori bermatzea. Euskal Eskola Publikoa da gizarte-kohesioa, berdintasuna, euskalduntzea eta justizia soziala bermatzen dituen hezkuntza-eredu bakarra, eta STEILASetik irmoki honen defentsan jarraituko dugu, honetan sutsuki sinisten dugulako.
Begoña Pedrosak zuzendutako Hezkuntza Sailari bere hezkuntza politika pribatizatzailearekin amaitzeko eta hezkuntza publikoaren aldeko apostu irmoa egiteko eskatzen diogu. Ez dugu onartuko Hezkuntza Sailak eskola publikoak ixtea; lanean eta borrokan jarraituko dugu, hezkuntza-komunitatearekin batera, Euskal Eskola Publikoaren alde.
Leave A Comment