Hezkuntza Sailak martxan jarritako Desburokratizazio Batzordeak tresna estrategikoa izan behar zuen, eta are gehiago kontuan hartuta 2025eko maiatzaren 9ko Akordio Laboralean berariaz
jasota dagoela irakasleen eta hezkuntza-langileen zama administratiboa murrizteko konpromisoa. Akordioak argi jasotzen du:

• Irakasleei dagozkienak ez diren zeregin administratiboak kentzea.
• Plantillak indartzea, kudeaketa, arreta, orientazio eta administrazio arloetan.
• Lan-baldintzak hobetzea, hezkuntza kalitatea bermatzeko ezinbesteko baldintza gisa.

Hau ez zen asmo-adierazpen orokor bat. Hau konpromiso politiko eta sindikal zehatza zen. Eta gaur-gaurkoz, tamalez, ez da betetzen ari.

Hezkuntza Sailaren diagnosia: datuek baieztatzen dute langileok aspalditik salatzen duguna

Hezkuntza Sailak berak aurkeztutako Administrazio eta Prozesu Pedagogikoen Desburokratizazio eta Automatizazio Proiektuaren lehen txostenak, 600 langile baino gehiagoren parte-hartzearekin
egindako inkestetan oinarritua, ondorio argiak uzten ditu mahai gainean:

• Langileen %40 baino gehiagok karga burokratiko altu edo oso altutzat jotzen ditu zeregin asko.
• %50 inguruk informazio bera hainbat sistematan errepikatzen duela adierazten du.
• Zenbait zeregin, bereziki planifikazioarekin, dokumentazio instituzionalarekin eta aniztasunaren arretarekin lotutakoak, astunak dira.
• Zeregin askok 120 minututik gorako denbora eskatzen dute egiten direnean.
• Argi azaltzen da desoreka handia dagoela egiten diren zereginen eta egokitzat jotzen diren rol profesionalen artean.

Gainera, txostenak berak dio: “Zeregin pedagogikoak, harremanekoak edo jarraipen pertsonalizatukoak ez dira automatizagarriak, edo soilik partzialki.” Hau da, irakasleen benetako lana ezin da ordezkatu, baina gaur egun egiten duten lan administratiboaren zati handi bat bai. Eta hori da benetako desburokratizazioaren gakoa.

2025eko maiatzaren 9ko Lan Akordioan jasotako konpromisoak ezin dira bete langile gehiago kontratatu gabe. Guk aspaldi esan genuen bezala, Hezkuntza Sailaren txostenak berak dio
hobekuntza ez dela etorriko soilik automatizaziotik, baizik eta antolaketa-aldaketetatik eta egitura sendotzetik.

Hala ere, orain arte ikusten ari garena ondorengoa da; digitalizazio gehiago, baina lan-zama bera. Plataforma gehiago, baina bikoizketa bera. Autonomia gehiago izenez, baina ardura gehiago
baliabiderik gabe. Hori ez da desburokratizatzea. Hori burokrazia sofistikatzea da.

Hezkuntza Sailaren jarrera: defentsiboa eta eraldaketatik urrun

Batzorde hau Hezkuntza Sailaren jardunaren justifikazio tekniko bihurtzen ari da. Datuak mahai gainean daude, arazoak identifikatuta daude, beraz, sailak badaki arazoa ez dela teknikoa soilik.
Baina ez du oraindik urratsik eman horri heltzeko, eta argi dago ez duela baliabide pertsonal gehiagoz hornitzeko asmorik, aplikazioz mozorrotutako partxeak soilik jartzeko asmoa duela. Sinatutakoa betetzeko eta benetan desburokratizatzeko STEILASetik argi dugu bidea:

1. Langile gehiago kontratatu, ez prozedura gehiago.
2. Balio pedagogikorik ez duten betebeharren ezabaketa.
3. Plataformen bateratzea eta bikoizketen ezabaketa.
4. Konfiantza profesionala eta arau-sinplifikazioa.
5. 2025eko maiatzaren 9ko akordioaren betetze osoa.
6. Lan-kargaren eta osasun laboralaren eraginaren ebaluazioa.
7. Ikastetxeen autonomia errespetatu.

2025eko maiatzaren 9ko akordioak bidea markatu zuen. Hezkuntza Sailaren txostenak arazoa diagnostikatu du. Orain falta dena borondate politikoa da, ez batzorde hutsalik, baizik eta egiturazko aldaketak.