Azken urteetan, Euskal Herriko langileria zerbitzu publikoen eraispen eta pribatizazio prozesu etengabea pairatzen ari da. Zerbitzu publikoak ez dira behar bezala garatu, eta orain, gabezia horiek zuzendu eta indartu beharrean, Hego Euskal Herriko instituzioak gobernatzen dituzten alderdi politikoek pixkanaka horiek ahultzeko hautua egin dute. Prozesu hori ez da egun batetik bestera gertatu; poliki, tantaka, baina etengabe gauzatzen ari da.
Pribatizazioranzko urratsak ematen diren heinean, zerbitzuen kalitatea okertzen ari da, eta aldi berean, langileen lan-baldintzak ere kaskartzen dira. Zerbitzua langile publikoekin ematen jarraitzen den kasuetan, lan-kargaren handitzeak eta inbertsio faltak eragiten dute kalitatearen galera. Azpikontratazioa ezartzen denean, berriz, langileak baldintza askoz okerragoetan kontratatzen dira. Argi dago erabaki horien atzean ez dagoela langileon eta, oro har, jendartearen ongizatea, kapitalaren eta enpresa jakin batzuen etekinak lehenestea baizik. Horrek ondorio larriak ditu Euskal Herriko langileentzat.
Egoerarik larrienetakoa osasungintzakoa da. Itxaron-zerrenda amaigabeak, anbulatorioetan baliabide eta zerbitzuen murrizketa, telefono bidezko kontsulten hedapena edota arlo batzuetako pribatizazioa gero eta ohikoagoak dira. Osakidetza eta Osasunbidea ahultzen diren neurrian, osasungintzako enpresa pribatuek indarra hartzen dute. Batetik, sistema publikoa ahultzeak aseguru eta zerbitzu pribatuen kontratazioa handitzen duelako; bestetik, mutualitateei gero eta eskumen handiagoak ematen zaizkielako.
Logika horren baitan, mutualitateei gaixotasun eta istripu arrunt batzuk artatzeko ahalmen handiagoa eman zaie. Aspalditik ari gara ohartarazten politika publikoak aldatu ezean, osasungintzaren dualizaziorantz goazela: alde batetik, osasun sistema publiko ahuldua; bestetik, ordaindu dezakeenarentzat gero eta indartsuagoa den osasungintza pribatua. Emandako urratsen ondorioz, zoritxarrez, gero eta hurbilago dugu agertoki hori.
Langileon osasun-arretan dagoen egoera kezkagarriari prebentzioaren atzerakada gehitu behar zaio. Prebentzio legea betearazteko baliabideak eskasak dira, eta patronalaren jarduna kontrolatzeko mekanismoak oso mugatuak. Nafarroan agerian geratu da enpresen %80ak ez duela prebentzio legea betetzen1, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, horrelako azterketa baten faltan, datuak antzekoak direla suma dezakegu. Egoera hori izanik ere, patronalak absentismoaren inguruko diskurtsoa indartzen du, arazoaren jatorria langileengan kokatuz. Egunero langileak gaixotzen diren bitartean eta lan-istripuak eta heriotzak ohikoak diren bitartean, patronalak bere erantzukizunak saihestu eta absentismoa arazo politiko bihurtu nahi du. Negoziazio kolektiboan edo gutxieneko soldata propioaren aferan ere argi ikusi dugu absentismoaren mantra erabiltzen ari direla eskubideak murrizteko edo hain ezinbestekoa dugun gutxieneko soldata propio bati ezezkoa emateko.
Lan-istripuak eta laneko gaixotasunak, batez ere, bi arrazoirengatik gertatzen dira: prebentzio-neurri egokien faltagatik eta enpleguaren prekaritatearengatik. Prekaritateak eragin zuzena du laneko osasunean, eta gero eta sakonagoa da eta gero eta zabalduago da. Hego Euskal Herrian, bi langiletik batek ez du bizitza duin bat garatzeko adinako dirusarrerarik. Emakumeak, gazteak, langile migratu eta arrazializatuak eta aniztasun funtzionala dutenak dira egoera okerrenean daudenak. Horri gehitu behar zaio zaintza-lan ez ordainduak oraindik ere nagusiki emakumeen gain daudela, ondorioz hauek lanaldi bikoitzak egin behar dituztela, eta honek ondorio kaltegarriak dakartzala laneko osasunean.
Patronalarentzat, laneko osasuna bermatzea ez da errentagarria. Osasunaren arreta eta prebentzioa ikuspegi merkantilista batetik kudeatzen ditu. Lanean gaixotu edo hil beharrik ez izateko neurri egokiak behar ditugu, baina patronalak neurrion kostua bere gain hartzea baino errentagarriagotzat jotzen du prebentzioa alde batera uztea. Honen aurrean, Euskal Herriko instituzioak kudeatzen dituzten alderdi politikoek beste alde batera begiratzen dute, eta ikuskaritzak ez du bere eginkizuna behar bezala betetzen.
Euskal Autonomia Erkidegoan Osalanek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak) eta Nafarroan NOPLOIk (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua) laneko osasunaren inguruko plan estrategikoak eginak dituzte. Hala ere, orri ugari bete arren, ez da neurri eraginkorrik hartu arazoaren erroetara heltzeko. Horretarako erabaki politiko ausartak behar dira, baina gaur-gaurkoz ez dago horretarako borondaterik. Laneko osasuna ez da instituzioen lehentasuna, ez prebentzioa, ezta ondorengo artatzea ere.
Egoera horren aurrean, LAB, STEILAS, ESK, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok laneko osasunerako eskubidea bermatzea lehentasun nagusien artean daukagu, eta norabide horretan
lanean jarraituko dugu.
2025EKO EUSKAL HERRIKO LANEKO EZBEHARREN TXOSTENA: Hemen
2025EKO NAFARROAKO LANEKO EZBEHARREN TXOSTENA: Hemen


Leave A Comment