Gaur, hilak 20ean, Haurreskolak Partzuergoko Mahai Parekidea eta Mahai Negoziatzailea izan ditugu; 7 hilabete eta gero administrazioarekin aurrez-aurre hitz egin dugu. Aipatu behar dugu Hezkuntza Saileko inor ez dela mahaietara berataratu. Jarraian landutako gaien nondik norakoak azalduko ditugu.
Mahai Parekidea: 2024ko akordiotik eratorritako lanpostuen sorrera
Aurreko Steilasberrietan aipatu bezala, urtarrila pasa denez, 2025ean eta 2026an errepikatu diren lan metaketak aztertu ditugu, horrela jasota baitago 2024an sinatu genuen akordioan. Administrazioak emandako datuak gure datuekin alderatuz kasu batzuetan bat ez zetozenez, hauen aipamena egin eta hurrengo egunetan akats zuzenketa helaraziko digute. Behin horiek baieztatua, lanpostu kopuru hori irailean LPZn txertatu beharko da sortzeke dauden beste 63 lanpostuekin batera. Azken hauekin gertatutakoa ikusita, STEILASetik akordioa betearazteko beharrezkoak diren pausuak emango ditugu.
Mahai Negoziatzailean landutako gaiak honako hauek izan dira.
Ordainsarien igoera
Madrilen adostutako soldata igoera izango dugu, 2025eko %2,5a eta 2026ko %1,5a. Otsaileko nominan %2,5a txertatzeko asmoa adierazi dute eta beste igoera martxoan izango litzateke. Lehenengoaren kasuan Gobernu Kontseiluaren ziurtagiria dagoelako eta 2026ko igoerarena oraindik ez. Soldata igoerak hauek nahikoak ez direla aldarrikatu dugu beste behin ere, baita Lan Hitzarmenaren sinadurarekin gure erosahalmena berreskuratzeko bidea moztu zigutela ere gogorarazi diegu.
Hezitzaile ordezkoen baremazio eta zerrenden irekieraren araudi berria
Ordezkoen araudiaren eguneraketak, baremazio araudian aldaketa batzuk txertatzea ekarri du, biek bat egin dezaten. STEILASetik txertatuko neurri onuragarriak araudian idatzita egongo dira, eguneko deien puntuazio gehigarria, adibidez. Hurrengo egunetan testua finduko da eta hilabete amaieran behin behineko zerrenda argitaratuko da.
Egonkortze prozesuaren sententzia: 77 lanpostu
Administrazioak sententzia beteko duela adierazi du eta aukera ezberdinak daudenez, zerbitzu juridikoekin aztertzen ari dira. Epai honek LPZn (lanpostuen zerrendan) eragina izango du, hau da, Haurreskolak Partzuergoan dauden lanpostuen kopurua handitu behar da bide honetatik ere.
Lan Hitzarmenaren zuzenketak
Administrazioak eta hitzarmena sinatu zuen sindikatuak azken hilabeteetan testuaren lanketa eta zuzenketak egin ditu aurrera eramandako hainbat bileretan. Aldaketa horiek hurrengo egunetan helaraziko dizkigute.
Plantilak esleitzeko irizpideak
Aurreko puntuarekin bezala, honen lanketa egiten egon dira hitzarmena sinatu zuten bi aldeek. Landutako testua helaraziko digute, baina bertan jasotakoari buruzko aipamenik ez dute egin gaurko mahaian. STEILASetik argi utzi dugu proposamen berri honek aurrekoak ez zuen berme juridikoa izan behar duela, benetan zerbitzuak dituen arazoei aurre egiteko. Adibidez, STEILASek eskatutako prestakuntza eta koordinazio orduak ordezkatuko dituen kontratazioa egingo dela baieztatua geratu beharko litzateke.
Gai ordenean jasotakoaz gain, beste hainbat gai jarri ditugu guk mahai gainean.
-
Matrikulazioa Euskal Eskola Publikoaren matrikulazioarekin batera egiteko eskaera berriro egin dugu. Aldaketa horrek bi ondorio nagusi izango lituzke: alde batetik, matrikula galtzeko arriskua ekidituko genuke eta Hezkuntza Publikoa indartuko litzateke. Bestalde, Haurreskolak Partzuergoko hainbat prozesu aurreratzeko aukera egongo litzateke. Hala nola, LPZ, Lekualdatze Lehiaketa, ordezkoen abuztuko esleipena…
-
Kudeaketa langileen ordezkoen araudia eta barne sustapena landu behar direla gogorarazi diegu, baina denbora falta izan da hauek ez egitearen aitzakia.
-
Hezisareak dituen gabeziak konpontzeko proposamenak eraman ditugu.
-
Egoera babestuan dauden hautagaiak esleipendun direnean, kontratazio hori hutsik geratzen da, sistemak ez diolako hurrengoari esleitzen. Honi irtenbidea bilatu behar zaiola adierazi diegu, ezin baitugu onartu Haurreskola askotako hutsuneak lehenengo egunetik ez asetzea.
-
Jardun partzialean lanean egonda lan metaketa hartzeko ezintasuna konpontzeko gure proposamena azaldu diegu. Hemen egindako proposamena.
-
-
Errelebo kontratuari buruz galdetu dugu baina ez daukate inongo informaziorik. Onartezina da hainbat langile eskubide hori gabe oraindik egotea.
-
Hezitzaileen EPErako ez dago datarik, goian aipatutako hainbat prozedurek eragina izango dutelako.
-
Next Generation Funtsei lotuta, hainbat Haurreskola eta gela berri irekiko dira ikasturte honetan eta hurrengoan.
-
Udal Haur Eskolen integrazioaren inguruko informazioa eskatu diegu, sindikatuoi prozesu honen inguruan ez gaituztelako jakinaren gainean izan. Oraindik gauza asko lotzeke daude eta hurrengo hilabeteetan gurekin landu behar dituztela jakinarazi diogu administrazioari. Argi dago prozesu garrantzitsua izango dela eta modurik egokienean kudeatu behar dela, gardentasuna eta berme juridiko eta legala ziurtatuz.
Lotsagarria da 7 hilabetez mahai hauek itxaroten egotea eta hasieran jasotako gai ordenak bi kontu tekniko besterik ez izatea (soldata igoera eta baremazioa). Administrazioa eroso zegoen bake sozial horretan, baina azkenean landutako gaien kopurua eta garrantzia ikusita, mahaiak lehenago deitu behar zirela argi geratu da. Orain, otsailaren amaieran aurkitzen gara irailetik landu behar ziren gaiak eta prozedurak hilabete gutxi batzuetan lantzeko. Hurrengo mahai negoziatzailea hurrengo ostegunean egingo dela esan dute.
STEILASetik gure esku dagoen prozedura eta akordio guztietan eragiten saiatuko gara, langileen lan baldintzak eta zerbitzua bera hoberenak izateko.
Leave A Comment