Datorren otsailaren 22a, igandea, gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko eta soldata-arrakalaren aurkako Europako Eguna da. Gaur, otsailaren 20an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko (MPEH) emakume pentsiodunak, ELA, LAB, STEILAS, ESK eta ETXALDE sindikatuekin batera, kalera atera gara emakumeok lan-arloan zein pentsiodun egoerara iristen garenean jasaten dugun desberdintasun-egoera salatzeko.

Dauzkagun azken datuen arabera, oraindik ere arrakala handia dago soldata eta pentsioetan, emakumeen prekarietate ekonomikoa betikotuz.

2023ko datuak dira INEk argitaratutako azkenak. Horien arabera, Hego Euskal Herriko emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala % 19,3koa da. LGStik beherako soldata jasotzen duten pertsonen profilari begiratuz gero, ez dago ezustekorik: LGStik beherako soldata jasotzen duten 3 langiletik 2 emakumeak dira, eta 2 langiletik bat migratzailea. Horri guztiari ordaindu gabeko zaintza-lanetan aritzen diren emakumeak gehitu behar zaizkio.

Emakumeak pentsio miserableekin iristen gara erretirora, nahiz eta gure bizitzan zehar lan-baldintza okerragoekin lan asko egiten dugun; lan prekarizatuak, ordaindu gabeko zaintzak, nahi ez diren lanaldi partzialak, gaizki baloratutako lan feminizatuak, aitortu gabeko lan-gaixotasunak…

2025eko abenduaren 31ko datuen arabera, pentsioen arteko arrakala % 28koa da EAEn eta % 32koa Nafarroan. Ezin dugu ahaztu EAEn 2025ean kotizazio gabeko pentsioak (zenbateko txikienekoak) dituztenen artean, emakumeak ia gizonen bikoitza direla EAEn, eta Nafarroan bikoitza baino gehiago (%69).

Hau guztia ez da ustekabekoa. Erabaki politikoen emaitza da, langileengan eragin zuzena duten eta, bereziki, emakumeak zigortzen dituzten erabakiena. Lana sexuaren arabera banatu eta emakumeok egiten dugun lana gutxiago baloratzen duen sistema ekonomiko baten emaitza. Horrek aberastasuna gutxi batzuen esku metatzen laguntzen du, gero eta lan-baldintza prekarioagoak, soldata txikiagoak eta, ondorioz, pentsio are okerragoak mantentzen diren bitartean.

Galerak sozializatzen eta etekinak pribatizatzen oso ondo dakien sistema. Gobernuek LGS propio baten aldeko ILP herri-ekimenen aurrean, milaka sinadura zakarrontzira bota eta jendartearen eskaerei entzungor egitea erabaki dute, eztabaidatzeko aukerarik eman gabe. Ez dituzte aintzat hartu prekarizatutako sektoreetan lan egiten duten langileak, ezta onuradun izan daitezkeen milaka
emakume pentsiodunak ere.

Lanbide arteko Gutxieneko Soldata hobetzea eta gutxieneko pentsioak erreferente horrekin berdintzea, gaur egun gure gizartean dagoen genero-arrakala murrizten eta sortzen den aberastasuna hobeto banatzen laguntzeko ezinbesteko ariketa da.

Egoerarik okerrenetan dauden langileen baldintzak hobetzeko gutxieneko soldata propio bat erabaki ahal izatea justizia soziala izateaz gain, bada sistemak aitortu behar duen zor patriarkal eta koloniala. Izan ere, gizartea gehienbat emakume eta pertsona migratu eta arrazializatuei egokitu zaizkien zaintza-lanez baliatzen da.

Hemen gauden erakundeok, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera, aldaketa kultural, ideologiko eta politikoa aldarrikatzen dugu. Aberastasuna banatzea aldarrikatzen dugu, guztiok hobeto bizi ahal izateko. Bizi garen gizartea pertsona guztientzako benetako eskubide-berdintasunerantz joan dadin, genero diskriminazioa ezabatuz. Martxoaren 8an kalera aterako gara, eta martxoaren 17an greba orokorra egingo dugu.

SOLDATA ETA PENTSIO ARRAKALAREN KONTRAKO NEURRIAK BEHAR DITUGU! GORA BORROKA FEMINISTA!