Azken hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzak, Next Generation EU funtsen bidez, ikastetxe publikoetan instalatu dituen kamerek kezka eta eztabaida piztu dute hezkuntza komunitatean. Ikasgela ez da soilik eduki akademikoen transmisiorako gunea; konfiantzan, elkarrizketan, hartu-emanetan eta akatsean oinarritutako harreman espazioa ere bada. Zaintza edo grabazio sistemek, nahiz eta segurtasun bermearen izenean ezarri, jokabideak baldintzatu ditzakete, berezkotasunaren eta naturaltasunaren kalterako. Ikasleek baldin badakite grabatuak izan daitezkeela, partehartze espontaneoa eta iritzi kritikoa murriztu daitezke; irakasleek, berriz, beren jarduna etengabeko kontrolpean senti dezakete.
Eztabaidaren erdigunean, ordea, marko juridikoa ere badago. Ikasgelan kamera bat instalatzea ez da erabaki tekniko huts bat: datu eta irudi pertsonalen tratamendua dakar eta, kasu askotan, adingabeena. Europako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak (DBEO/GDPR) eta estatuko araudiak baldintza zorrotzak ezartzen dituzte irudiaren eta ahotsaren tratamendurako. Administrazio publiko batek oinarri juridiko argia behar du irudi zein datu tratamendua legitimoa izan dadin; ezin da grabazioa justifikatu “digitalizazioa” bezalako kontzeptu orokorren bidez. Helburuak zehatza izan behar du, legitimoa eta behar bezala justifikatua.
Testuinguru honetan, STEILAS sindikatuaren ikuspegitik, kamerak ezartzea hezkuntzaren ikuspegi jakin baten adierazgarri da: kontrolaren eta estandarizazioaren logikan sakontzen duen eredua, konfiantzan eta autonomia pedagogikoan oinarritu beharrean. STEILASetik behin eta berriz defendatu dugu hezkuntza publikoa komunitatean, pertsona guztien funtsezko eskubideen erabateko errespetuan eta partehartze demokratikoan oinarritu behar dela, ez zaintza-teknologien bidezko gainbegiratzean.
Gure ustez, funts publikoak lehentasunez bideratu beharko lirateke, esaterako, ratioak jaistera, baliabide espezializatuak indartzera, azpiegitura duinak bermatzera eta irakasleen prestakuntza eta egonkortasuna sendotzera. Kamera-sistemak ez dira hezkuntza kalitatearen sinonimo, ezta gutxiago ere.
Digitalizazioa tresna izan daiteke hezkuntza hobetzeko, baina ez edozein modutan eta ez edozein prezioren truke. Hezkuntza publikoak konfiantza, askatasun pedagogikoa eta eskubideen bermea behar ditu. STEILASen ikuspegitik, ikasgela ez da zaintza-espazio bat; ikaskuntza kritiko eta askearen gunea da, giza-harremanetarako eremu askea, eta hala izaten jarrai dezan borrokatuko dugu. Beraz, orain arteko jarrera alde batera utzi eta gailu digitalak nola ezarri hezkuntza komunitatearekin adosteko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari. Eta bitartean instalazio aginduak bertan behera uzteko.
Leave A Comment