STEILASeko Idazkaritza Feministatik aurten kartel bat argitaratu dugu “Feminismoaren sareetara salto egin” lelopean, martxoaren 8ean, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Honekin sare sozialek sortzen duten biolentzia sinbolikoaz hausnartu eta transfeminismoa honi aurre egiteko alternatiba bakartzat aurkeztu nahi dugu oraingoan.

Gaur egungo gizartean, sare sozialak bihurtu dira haur eta gazteek informazioa jasotzeko, erreferentzia-ereduak eraikitzeko eta munduaz duten ikuspegia osatzeko duten bide nagusietako bat. Hala ere, irudi, mezu eta edukien etengabeko jario hori sakonki baldintzatzen dute indarkeria sinbolikoak, genero estereotipoek, diskurtso kontserbadoreek eta iruditegi atzerakoiek, berdintasuna sustatu ordez, desberdintasunak eta rol zurrunak iraunarazten baitituzte.

Mezu horiek plataforma digitaletan duten gorakada dela eta, ezinbestekoa da ikasleei kontsumitzen dutena kritikoki interpretatzeko tresnak ematea. Sareek ez dute errealitatea bakarrik erakusten: distortsionatu, hautatu eta moldatu ere egiten dute, identitatearen, autoestimuaren eta harreman sozialen eraikuntzan zuzenean eraginez.

Eszenatoki honen aurrean, kartelean duzuen QRan “Feminismoaren sareetara salto egin” unitate didaktikoak topatuko dituzue maila guztietan lan egin ahal izateko. Honek alternatiba eraldatzailea proposatzen du, eta horregatik, “Sare” terminoa esanahi bikoitzarekin erabiltzen da. Alde batetik sare sozial digitaletaz ari delako eta bestetik sareak komunitate-sare gisa, transfeminismoaren sinbolo gisa, kolektibotasuna eta berdintasun-aukerak mantentzeko tresna gisa aurkezten delako. Finean beraz, sare digitalen bitartez iristen zaigun biolentzia
sinbolikoaren aurrean alternatiba bakarra feminismoaren sareak eskaintzen diguna litzateke. Era berean, borroka honetan ere erreferente izan diren eta diren hainbat pertsona (ber)ezagutzeko eta goraipatzeko aukera izango dute ikasleek.

Proposamen honen helburua da ikasleek, txikitatik, estereotipoak ezagutzen ikastea eta hauen aurrean ikuspegi kritiko bat garatzea. Era berean, bestelako begirada bat izatea posible dela erakutsi nahi da. Beraz, aurtengo gaiaren bidez, hezkuntza kritikoaren alde egiten da, ikasleek aukera izan dezaten kontsumitzen dituzten mezuen boterea ulertzeko, beren egunerokotasunean dauden indarkeria sinbolikoaren forma sotilez ohartzeko eta sare justuagoak eraikitzeko, bai eskola barruan, bai eskolatik kanpo ere.