2025eko abenduaren 22an PSOEk lege proposamena erregistratu zuen Kongresuan, PAIko funtzionarioak estatuko irakasleen kidegoetan sartzeko. Espainiako Gobernuak martxoaren 7a baino lehen eman behar du lege proposamenari buruzko irizpidea. Aipatutako gobernua koalizio bat da, eta PSOEk eta Sumarrek jarrera ezberdinak dituzte PAIri dagokionez. Legea bozkatu zenean Nafarroako Parlamentuan Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simónek (Ezker Batua) horren aurka bozkatu zuen, eta Ezker Batua Sumar taldeko partaidea da. Aldiz, PSNPSOEk horren alde bozkatu zuen UPN, PP eta Ciudadanos-ekin batera. Hortaz, PSOEk eta Sumarrek ikuspuntu kontrajarriak dituzte, eta zaila dirudi bat etortzea irizpidean.

Gerora, PSOEk legea aurrera ateratzeko bozkak beharko lituzke, eta PPk bakarrik eman dezake gehiengora iristeko. Bitxia litzateke, benetan, horrelako botazio bat gertatzea, bi alderdien arteko harremanak erabat ozpinduak daudenean, baina Nafarroa Garaia estatuko afera denez, baliteke biak ados jartzea. Hau ez da lehen saiakera gotortzearen inposizioa ezartzeko; 2021ean PSN saiatu zen irakasleen estatuko kidegoetan sartzeko errege dekretuak aldatzen, posible izan zedin atzerriko hizkuntzen C1 titulua betekizun izateko oposizioetan, baina estatuko sindikatu ia guztiak horren aurka azaldu ziren. Hori dela eta, PSNk erabaki zuen, 2022an, PAIren Legea Nafarroako Parlamentuan erregistratzea.

Lege proposamenaren helburua ez da bakarrik gaur egungo PAIko funtzionarioak irakasleen estatuko kidegoetan sartzea, baizik eta PAIren Legearen bidez oposizio gehiago deitzea eta, gero, lege berria baliatuta, estatuko funtzionarioak bilakatzea. Horrela, PAI funtzionarioek ez lukete inongo eragozpenik izanen ingeles profilik gabeko lanpostuetara joateko. Ildo horretatik, ingeleseko profilik gabeko lanpostuetara aldatzen utzi diete aurtengo lekualdatze-lehiaketan ingeleseko irakas-zama nahikoa ez izanik, behin betiko destinoa duten PAIko funtzionarioei. Hau da, errege dekretuek baimentzen ez duten betekizuna, ingeleseko C1 titulua eskatzen da, gero joateko betekizun hori beharrezkoa ez den lanpostuetara.

Nafarroa Garaiko Gobernuari eusten diotenak eta PAIren Legearen aurka bozkatu zutenak ezinbestekoak dira Espainiako Gobernua sostengatzeko. Egoera honen aurrean, PSOEk berriz ere bere politikak inposatuko ditu? Bada garaia presionatzeko eta lege proposamen hori bertan behera gelditzeko.