Begoña Pedrosaren Hezkuntza Saila IRALE berrantolatzeko urratsak ematen ari dela jakin dugu azken hilabeteotan, baina inolako negoziazio eta gardentasunik gabe. Hezkuntza komunitatean zabaldu den zalantza ez da txikia: urte luzez euskararen normalizazioan funtsezko tresna izan den egitasmo baten etorkizuna dago jokoan, eta irakasleok, zuzenean eragiten digun arren, ez dugu oraindik berrantolatzeraen berri zehatzik izan.

IRALEk ekarpen handia egin dio euskal hezkuntzari. Urtero 400 irakasletik gora aritzen dira hiru hilabetez formazio trinkoa jasotzen, beren hizkuntza gaitasuna sendotzeko eta eskoletan euskararen erabilera indartzeko. IRALEk komunitatea sortu du, euskararen militantzia sustatu, kontzientzia linguistikoa landu eta irakasleak ahalduntzeko gune eraginkorra izan da. Horrek
eragin zuzena izan du ikastetxeetako eguneroko praktiketan eta, neurri handi batean, euskararen presentzia eta erabileran. IRALE bezalako egiturak ez dira hutsalak, hizkuntza politikaren tresnak dira.

Orain, ordea, euskararen institutu izatetik hizkuntzen institutu bilakatzeko asmoa omen dago. Hizkuntza aniztasuna balio positiboa dela inork ez du zalantzan jartzen, baina ezin dugu ahaztu euskararen egoera soziolinguistiko ahula dela eta, oraindik bultzada bat behar duela. Hizkuntzen artean euskarak duen lehentasuna galtzeko arriskua badago, horrek ondorio zuzenak izango ditu bai formazioan, bai eskoletako hizkuntza praktiketan.

Hezkuntza Sailak hauek argitu behar ditu: zer gertatuko da R ikastaroekin (R300, R400, R600, R900)? Zer ibilbide izango dute orain arte hainbesteko garrantzia izan duten egiturek? Eta IRALEk gaur egun egiten duen lana nork hartuko du bere gain etorkizunean? Hizkuntza indartzeko lana Hezkuntza Sailak aurreikusi dituen irakasle gehigarriek egingo al dute? Hala bada, zein baliabide eta zein prestakuntza izango dute? Galdera horiek guztiek erantzun argiak behar dituzte, eta oraingoz ez ditugu jaso.

Euskararen normalizazioa ez da inertziaz gertatzen den prozesua. Plangintza zehatza, baliabide nahikoak eta konpromiso sendoa eskatzen ditu. Aldaketak egin behar badira, egin daitezela gardentasunez, hezkuntza komunitatearekin adostuz eta euskararen indartzea ardatz hartuta.

Hezkuntzak eragin zuzena du gizartearen etorkizunean, eta irakasleon hizkuntza gaitasuna funtsezko elementua da. Horregatik, beharrezkoa da argitasuna, parte-hartzea eta norabide sendoa. Euskararen presentziak atzera egin duen honetan, eta hizkuntza normalkuntzarako bidean, ez dugu atzerapauso berririk onartuko.