Gaur STEILAS sindikatuko liberatu eta hainbat afiliatuk formakuntza-saioa jaso dugu: mutil gazteak, erreakzionarismoa eta antifeminismoa. Hiruki Larroxako Joseba Gabilondok gidatu du saioa. Hasteko, ariketa indibidual bat egin dugu, norberak gai hau nola bizi duen jakiteko. Ondoren, hiru atal jorratu ditugu: zein den egoera, nola heldu garen hona, eta zein proposamen ditugun gauzak aldatzeko.
Gaur egungo egoera aztertzerako orduan, indartu diren mugimendu eta jarreren inguruan hitz egin dugu: jarrera antifeministak, biktimismoa eta maskulinitate patrialkalaren indartzea. Bereziki, manosferan indartzen direla landu dugu, hau da, jarrera guzti hauek artikulatu eta elikatzen diren espazio digitalean: foroak, youtuberrak, tiktokerrak… Aipatutako jarrera eta mugimenduak indartzeaz gain, zerbait eskaintzen dute: nola aberastu, nola ligatu, nola izan “arrakastatsua”…
Baina nola heldu gara honaino? Aztertu dugunez, eskuin eta ultraeskuinaren gorakadak eragin handia du, baita sare sozial digitalek eta algoritmoak ere. Dena den, garrantzitsua da irtenbideak lantzea, zer egin guzti honen aurrean? entzun eta beraiekin hitz egin, beren pentsamendu kritikoa martxan jarri, meritokraziaren ideia desmontatu, arrakastaren ideia eztabaidatu, frustrazio eta minei kasu egin, deserosotasuna politizatu…
Saioari amaiera emateko, talde txikietan elkartu eta gure kezka, burutazio eta zalantzen inguruan hitz egin dugu, ondoren talde handian guztion artean hitz egiteko.

Leave A Comment