Segregazioaren aurkako itunaren mahaiko hainbat gizarte eragilek bertatik ateratzeko hartu duten erabakiaren aurrean, gure jarrera berresten dugu.

Hasieratik jakin izan dugu mahaiak ez zuela elkarlanerako gunea izateko baldintzarik betetzen eta denborak arrazoia eman digu, STEILASek hasieratik gune horretan parte ez hartzea erabaki baitzuen. Aurreikusi bezala, administrazioak ohiko bidea jarraitu du, hau da, erabakiak erdi itxiak ekarri, eztabaidarako tarte txikiarekin eta mahaia bera legitimazio tresna huts bihurtu du, segregazioaren aurkako politikak kolektiboki eraiki beharrean.

Azken asteetako gertaerek berretsi baino ez dute egin administrazioaren betiko jarrera eta STEILASek hasieratik egindako diagnosia. Hainbat gizarte eragileren irteerak agerian utzi du mahaiaren sinesgarritasun eza, gure pertzepzioa, zoritxarrez, egi bilakatu baita.

Hainbat eragile kritikok espazioa utzi ahala, mahaia gero eta eskasagoa izateak, eta batez ere, administrazioarekin bat datozen erakundeetara mugatzeak kezkatzen gaitu bereziki. Kasu batzuetan, gainera, gaur egun segregazio dinamikak erreproduzitzen dituen hezkuntza sistemaren parte aktiboak diren eragileetara mugatu da.

Zilegi da geure buruari galdetzea dinamika horietako kide izango direnek, zenbateraino gida dezaketen benetako eraldaketa prozesu bat segregazioari aurre egiteko. Kezkagarria da arazoari aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruzko erabakiak administrazioarekin lerrokatuta dagoen espazio baten esku uztea, pluralak eta kritikoak ez direnen esku hain zuzen ere. Segregazioaren aurkako borrokak kontrakoa eskatzen du: mendekotasun eza, aniztasuna eta sistemaren inertziak zalantzak jartzeko gaitasuna.

Segregazioaren aurkako itunaren mahaia baldintza horietan mantentzeak errealitatearekin bat ez datorren partaidetza eta adostasun itxurari eusteko baino ez du balio, eta hezkuntza segregazioa arazo serioegia da itxurakerietan ibiltzeko.

Aipatutako guztiagatik, Hezkuntza Sailari gaiari behar duen seriotasuna eman diezaiola exijitzen diogu.

Segregazioa ekiditeko benetako borondatea badago, ireki dezatela prozesu berri bat, gizarte eragileen parte hartze eraginkorra berma dezatela eta oinarritu dadila mahaia gardentasunean eta arazoaren egiturazko kausei buruzko eztabaida zintzo batean.