GIZARTE ETA FORMAKUNTZA FUNTSAK
Martxoaren 20an irekiko da epea funtsak eskatu ahal izateko. Aurtengo deialdian ez da aldaketarik egongo eta hilabeteko epea egongo da eskaerak egiteko. Urtetik urtera eskaera kopurua handitzen ari denez, banatzen den diru kopurua handitzea eskatu diogu Hezkuntza Sailari, eta aldi berean, funtsak eskatzeko aukera lan-legepeko irakasleei ere zabaltzea.

ZENTRURAKO ATXIKIPENA
Hezkuntza Sailak momentu honetako datuak partekatu dizkigu, langile bakoitza zein ikastetxe/kokapen/IBT/ordezkaritzan atxikituta egon daitekeen zehaztuz. Atxikipenen harira, jakinarazi nahi dugu aste honetan bertan argitaratu dela 20/2026 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa, BiziLab, sortzekoa eta haren lanpostuen zerrenda onartzekoa.

BiziLab, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa da. Zonako Berritzeguneen eta Berritzegune Nagusiaren eginkizunak hartuko ditu bere gain, hezkuntza-inklusioa, bizikidetza eta aniztasunaren kudeaketari dagokionez.

Hemendik aurrera ez gara Berritzeguneetara atxikituta egongo, orain arte bezala. Aurrerantzean, Fisioterapeutak eta Okupazio Terapeutak BiziLabeko kokapenetara atxikita egongo dira. Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Zeinu Hizkuntzako Interpreteak Hezkuntza Saileko ikastetxe publiko batera, Transkribatzaile edo Material Egokitzaileak IBTetara eta Gizarte Langileak Hezkuntza Ordezkaritzetara.

MAHAI PAREKIDEA ETA MAHAI NEGOZIATZAILEA
Atzoko mahaian dekretu berri honen inguruko informazio gehiago eskatu genuen. 24/25 ikasturtean Fisioterapeuten eta Okupazio Terapeuten LPZa handitzea eskatu genuen, aspaldidanik baliabide falta handia dutelako. Une hartan ezinezkoa zela esan ziguten, baina 26/27 ikasturterako lanketa sakon bat egingo zela ere hainbatetan adierazi ziguten. Momentu honetan ez dugu horren inguruko berririk, eta Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariarekin biltzea ezinbestekotzat jotzen dugunez, atzoko mahaian gai hau jorratzeko bilera bat eskatu genuen.

LEKUALDATZE LEHIAKETA
Hezkuntza Sailak atzo jakinarazi zigunez, lekualdatze-lehiaketa maiatzean gauzatzeko asmoa dauka. Datorren ikasturteari begira mantenduko diren beharrak zeintzuk izango diren ziurtasunez jakin gabe, lekualdatzea gauzatzeak arazoak ekar ditzake. Horregatik, sailari behin eta berriz gogorarazi diogu kasuistika denak ondo aztertzeko.
Aurtengo lekualdatze-lehiaketako irizpideak aurreko urteetakoen antzekoak izateaz gain, STEILASetik oso eskasak direla deritzogu. Denbora aurka dutela eta prozesua kudeatzen duten langileak oso gutxi direla aitzakiatzat hartuta, aurten ere irizpideak ez dituztela aldatuko adierazi digute. STEILASetik uste dugu lekualdatzea baremo bidez egin behar dela, eta ez berdinketa hauste soil baten esku utzi. Horregatik, datorren ikasturtean gure eskaera aintzat hartzeko konpromezua har dezatela eskatu dugu.

LANPOSTU HUTSARI UKO EGITEA
Maiatzaren 11tik 18ra egitea aurreikusten da.

IKASTURTE HASIERAKO ESLEIPENA
Aurten udako esleipena borondatezkoa izango denez, hau da, ez direnez nahitaezko plazak (forzosak) banatuko, ez da egongo baremazio berezirik, erkidego guztiko plazak aukeratu ahal izango dira.

ADINAGATIKO ARRETA ZUZENAREN MURRIZKETA METATUA
Irakasleek duten bezala, Lan-legepeko hezitzaileoi ere murrizketa metatzeko aukera ahalbidetu nahi digute akordio baten bidez. Dokumentazioa bilera aurretik bidali ziguten, beste behien ere aztertzeko denborarik eman gabe. Guretzako ezinbestekoa da dokumentazioa sakon aztertzea, eta horrela egingo dugu, gure ekarpenak bidaliz. Hezkuntza Sailaren asmoa aukera hau datorren ikasturtean aplikatzea da. STEILASetik argi daukagu, akordioa sinatuz gero, aplikazioak berehalakoa izan behar duela, baldintzak betetzen dituen hezitzaile orok aukera izateko sinatzen den momentuan eskaera egiteko.

ORDEZKOEN ARAUDIA
Ordezkoen araudian aldaketak ere jaso nahi dituzte. Esanguratsuenak hauek izango lirateke:
• Babestutako egoera araudian txertatua geratzea.
• Baremazio garaian aukeratutako lurralde eta lanaldiak nahitaezko esleipenetan (forzosak) bakarrik eragina izango dute. Hau da, Ordezkagunean, baremazioan aukeratutako lurralde eta lanaldietan bakarrik emango lirateke nahitaezko plazak. Egunerokotasunean langileak erkidego guztiko lan eskaintzetan parte hartzeko aukera izango du nahiz eta baremazioan aukeratu gabeko lurralde edo lanaldiak izan. Beraz, baremazioan ezarritako aukerak, forzosoak ematerako garaian soilik izango du eragina.

Aurrez aipaturiko gai guztien inguruan informazio gehiago dugun ehinean jakinaraziko dizugu.