Batzorde parekidea, akordioaren artikuluen aplikatzerakoan sor daitezken desadostasunak ebazteko:

Gaur, STEILASek greba deitzaile eta akordio sinatzaile diren beste sindikatuekin batera deitutako parekide bileran, Hezkuntza Sailak berretsi du HEZI+ ebazpenekin aurrera egiteko asmoa duela, nahiz eta horrek 2025ean sinatutako lan-akordioan jasotako hainbat puntu urratu. HE-Hobetuz-en orduetarako ez dutela ordu kreditu gehigarririk emango, alegia. Ordu hauek ordu osagarrien barnean sartuko lirateke eta, beraz, 17 eskola-orduetatik kanpo. Hasieratik esan dugun bezala, hau akordioaren kontrako neurria da, 26.c) atalaren aurka zuzenki doalako. Artikulak zera jasotzen baitu: ”Bigarren Hezkuntzako, araubide bereziko ikasketak eta Lanbide Heziketako irakasleek 17 eskola-ordu emango dituzte gehienez, laguntza eta indartze programetan emandako eskola-ordua barne.“ Gure eskaera argia da: He-Hobetuz neurrian eskainiko diren jarduera osagarriek eta eskolaz kanpoko jarduerek ikastordu izaera izan behar dute.

Horrez gain, Lehen Hezkuntzako ratioei dagokionez, gehienez 23 ikasle izatetik 22 ikasle izateko neurria sinatu genuen. Hezkuntza Sailak, ordea, Lehen Hezkuntzan ratioen jaitsiera soilik 1. mailan aplikatuko duela adierazi du, Lehen Hezkuntza osoan izan beharrean.

Jarrera horrek 252/2025 Dekretuaren bidez onartutako akordioaren hainbat atal urratzen ditu, besteak beste:
• 26. artikulua, lanaldiaren banaketari eta irakastorduen antolaketari dagokiona.
• Plantillak esleitzeko irizpideak jasotzen dituen eranskina, non langileen esleipena adostutako irizpideen arabera egin behar den.

Bestalde, beste bi artikulu ere urratzen ari direla salatu dugu Batzorde Paritarioan:
• 23. artikulua, ikastetxe publikoen itxierak aldebakarrez erabaki dira Plangintza Batzorde Teknikoa deitu gabe. Batzordeak dituen kontsultatzeko eta negoziatzeko ahalmenak deuseztatuz.
• 67. artikulua: bertan jasotzen diren soldata igoerak ez dira oraindik ere aplikatu.

Mahai sektoriala:
Jarraian, Mahai Sektoriala izan dugu bi gai jorratzeko:

• IKHA: Ordezkoek lanpostuen hautaketa atzerritik egiterako orduan dituzten arazoak konpondu nahi ditu Hezkuntza Sailak. Honekin batera IKHA ekainean egitearen eskaera egin dugu. Adinagatiko murrizketa eskatzen duten ordezkoen kasuan, lanpostu bat eskuratu beharko dute lehenago eta eskaera behin egitearekin nahikoa dela aipatu du Hezkuntza Sailak.

• IRALE: 60 langileak mantenduko direla adierazi du Hezkuntza Sailak. Hala ere, erabakiak aldebakarrez eta izkutuan hartzen jarraitzen du eta R ikastaroen etorkizuna ez du gardentasunez argitu, beste behin ere, dena airean utzita. Euskara eta Iralerekiko STEILASen jarrera argia da: euskararen normalizaziorako plangintza sendoa behar da eta Sailaren jarrerak ez du konfiantzarik sortzen. Euskararen presentziak hainbat eremutan atzera egin duen une honetan, ezin dugu atzerapausurik onartu.

STEILASek argi utzi du gaurko bileretan akordioa osorik bete behar dela eta ezin dela onartu, xantaia-logikan, lan-baldintzetan eragina duten neurriak alde bakarrez ezartzen saiatzea. Sinatutako akordioa osorik bete behar du Hezkuntza Sailak.

Horren aurrean, irakasleok babestutako grebei esker sinatutako akordioak ematen digun zilegitasun osoarekin, hezkuntza publikoa indartzeko behar diren baliabideak eta lan baldintzak defendatuko ditugu. STEILASek iragarri du ekintza sindikal eta juridiko guztiak aztertuko dituela ez-betetzeei aurre egiteko, betiere greba deitzaile eta akordioa sinatu zuten gainerako sindikatuekin elkarlanean.