ELA, LAB, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuok egun osoko greba orokorra deitu dugu datorren 2026ko martxoaren 17rako Hego Euskal Herri osoan. Greba hau dela eta, Lan Zuzendaritzari sindikatu deitzaileok jakinarazi nahi diegu gure iritzia zein den.
Azken urteetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan dira eta. Lan Sailak oinarrizko zerbitzu izaerazko izendatu ditu geroz eta lanpostu gehiago. Era berean, zoritxarrez, neurri handi batean gehiegizko gutxieneko zerbitzu horiek kontsolidatzen ari dira epaitegietan. Hala ere, greba deitzaileon ustez, esparru batzuetako gutxieneko zerbitzuak bereziki eztabaidagarriak dira, eta ez diete erantzuten egun bateko greba orokor batek exijitzen duen proportzionaltasunari.
Hezkuntza alorrari dagokionez, sindikatu deitzaileon ustez, egun bakarrekoa izango den greba honek ez dio hezkuntza jasotzeko oinarrizko eskubideari eragiten, beraz, uste dugu ez litzatekeela gutxiengo zerbitzurik arautu behar deialdi honetarako.
Hau izanik sindikatuon iritzi nagusia, kezkagarria iruditzen zaigu azken urteetan gutxieneko zerbitzuak ezartzerako orduan Lan Zuzendaritzak jarraitu dituen irizpideen garapena edo ibilbidea. Izan ere, urte gutxitan hezkuntza alorrerako ezartzen joan diren gutxieneko zerbitzuak gehitu eta behin gehitutakoak kontsolidatu baino ez dira egin, deitutako greba egun kopurua, edo testuinguru desberdinak aintzat hartu gabe. Honek greba eskubidea murriztu eta modu larrian urratzen duela uste dugu.
Hezkuntza zentroetan, bai unibertsitatez kanpoko publikoetan eta itunpekoetan zein Euskal Herriko unibertsitatekoetan, zentroetarako sarrera kontrola bermatzeko behar adinako gutxieneko zerbitzuak ezartzetik gutxieneko zerbitzuak eskaini behar dituzten langile kopurua laukoiztera iritsi gara, eta hezkuntza laguntza espezialistak kolektiboan eskubide urraketa itzela eman da.
Aipaturiko azken kolektiboaren kasuan, egun arruntetan egon ohi den langile kopurua baino gehiago egon behar izatea ere ekarri duen irizpidea ezarri dute, zerbitzu minimoak betetzeko baliabide pertsonalen hazkundea eman beharko litzatekeela ondorioztatuz. Hori gutxi ez balitz “antzeko pertsona bat” esaldia sartu dute, inongo azalpenik eta argibiderik gabe, eta ikastetxeetako zuzendarien interpretazioaren baitan utzi dute langile hauen greba egiteko eskubidearen aukera.
Leave A Comment