Euskararen aldeko susperraldiaren adibide argia izan da berriki ospatu den Korrika. Milaka herritarren parte-hartzeak agerian utzi du euskararen aldeko borondate sozial sendoa eta hizkuntzaren aldeko babesa eta konpromisoa. Hala ere, zoritxarrez, administrazio publikoan euskararen kontrako oldarraldia agerikoa da. Kalean ikusi dugun indarra ez dator bat instituzioetatik jasotzen ari garen jarrerarekin. Azken urteotan areagotu egin dira euskararen erabilera mugatu nahi duten epaiak eta diskurtso politikoak. Izan ere, etengabekoak dira jasaten dituen eraso judizial, mediatiko eta politikoak. Hala, euskararen normalizazioari berme juridikoa emango dioten neurri eta erabakiak behar ditugu, zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko.
Begoña Pedrosaren Hezkuntza Saila IRALE berrantolatzeko urratsak ematen ari da, baina inolako negoziazio eta gardentasunik gabe. Asmo honek kezka handia sorrarazi digu, euskararen aldeko politika eraginkor bat ahultzeko arriskua dagoelako. IRALEk euskararen normalizazioan izan duen funtsezko papera arriskuan egon daiteke hain zuzen IRALEk milaka irakasleren euskalduntzea eta trebatzea ahalbidetu duelako, eta horrek zuzenean eragin duelako ikasleen hizkuntza gaitasunean eta hezkuntza sistemaren kalitatean. Beraz, egoera honen aurrean, eskatzen dugu aldaketak egin behar badira, euskara ardatz hartuta eta beronen indartzea bermatuz egin daitezela, atzerapausorik gabe.
Harriduraz jaso ditugu lankidetzan aritzen garen sindikatu batek aldebakarrez egin dituen adierazpenak, eta are gehiago harritu gaitu, oraindik zer izango den zehaztu gabe dagoen “Euskararen eta hizkuntzen ikaskuntzako institutua” ontzat eman izana.
STEILAS sindikatuak IRALE zerbitzua bere horretan mantentzea eskatzen du. Bertan diharduten langileen lanpostuak bermatu behar dira, eta haien etorkizuna alde sozialarekin negoziatzea Hezkuntza Sailaren eginbeharra da. Era berean, R ikastaroak (R300, R400, R600, R900) mantentzea beharrezkoa da. Hezkuntza Sailari dei egiten diogu prozesu hau negoziazio mahai baten bitartez gida dezan, eragile guztien parte-hartzea bermatuz.
Aipatutako guztiagatik, Hezkuntza Sailari hauek argitu ditzan eskatzen diogu:
- Zer gertatuko da R ikastaroekin (R300, R400, R600, R900)?
- Zer gertatuko da irakasleek orain arte IRALE ikastegietan formakuntza jasotzeko izaten dituzten liberazioekin? Eta liberazio horiek guztiak ordezkatzeko sortzen diren lanpostuekin?
- Zer ibilbide izango dute orain arte hainbesteko garrantzia izan duten egiturek?
- Nork hartuko du bere gain etorkizunean IRALEk gaur egun betetzen duen lana? Erakunde publikoek edo erakunde pribatuek? Zein formatutan?
- Hizkuntza indartzeko lana Hezkuntza Sailak aurreikusi dituen irakasle gehigarriek egingo al dute?
- Hala bada, zein baliabide eta zein prestakuntza izango dute?
- Zein eragin izango du aldaketa honek ikasleen hizkuntza gaitasunean?
- “Euskararen eta hizkuntzen ikaskuntzako institutuak” euskararen garrantzia, beste hizkuntzen mesedetan, galtzea ekarriko du?
Azkenik, Begoña Pedrosak zuzendutako Hezkuntza Sailari bere hezkuntza politika pribatizatzailearekin amaitzeko eta IRALE zerbitzuaren aldeko apustua egiten jarraitzeko eskatzen diogu. Aldaketak egin behar badira, egin daitezela gardentasunez, hezkuntza komunitatearekin adostuta eta euskara erdigunean jarrita).
EUSKARAREN NORMALKUNTZAN ATZERAPAUSORIK EZ!
EUSKARA INDARTU, IRALE BABESTU!
Leave A Comment