Atzo Mahai Parekidea izan genuen Haurreskolak Partzuergoarekin lan hitzarmenean jasota dauden hanbat gaien lanketa egiteko.

Martxoaren 2an Haurreskoletako lan hitzarmena sinatu genuen Plantillak esleitzeko irizpideen akordiari babesa emateko. Bi akordioen lanketa egiteko, atzo Eibarren administrazioarekin eta LABekin bildu ginen. Hainbat gai jorratu genituen, jarraian azalduko ditugunak:

Plantillak esleitzeko irizpideen akordiotik eratorritako kontratazioak
Akordio horri esker sortuko diren lanpostu berriak aztertzen egon ginen. Haurreskola gehienetan baliabide gehigarriak jarriko dira eguneko lan zama arintzeko eta gutxi gora-behera 170 jardun sortuko dira. Lanpostu horiek apirilaren 13an lanean hasteko izango dira eta gehienak lan metaketa izaera izango dute.
Egindako lanketa haurreskoletako urtarrileko datuekin egin da. Hurrengo asteetan, apirileko datuak aztertuko dira eta beharrak horien arabera egokitu beharko dira. Egoeraren azterketa sakona egingo dugu STEILASen.
Gogoratu beharra dago, baliabide hauek denboran errepikatzen badira, 2024ean sinatutako akordioari jarraituz eta Lan Hitzarmen berria argitaratzen den momentuan 12. artikuluan jasota dagoen bezala, lanpostu horiek estrukturalak bihurtu beharko direla. Horregatik, hurrengo urteetan hauen jarraipen zorrotza egingo dugu.

Kontratazio berrien banaketa
Aste hauetan banatu beharreko lanpostuak asko direnez, Hezisarearen funtzionamendua zein izango den azaldu zigun administrazioak. Informazioa hautagai guztiei healarazi zaie mezu bidez. Apirilaren 13an hasteko diren kontratuak, apirilaren 8an banatuko dira eta lan zama eta kontratazio bolumena dela eta, apirilak 9an eta 10ean ordezkapenak telefono bidez esleituko dira.
Beste kontratazioak noiz izango diren jakitean, informazioa elkarbanatuko dugu zuekin.

Urte sabatikoa, Gizarte Funtsa eta Formazio Funtsa (66, 64 eta 70. artikuluak)
3 artikulu hauetan jasotakoa aplikatu ahal izateko, araudi espezifikoak sortu eta adostu behar dira. Horregatik, hurrengo asteetan administrazioak araudi proposamenak helaraziko dizkigu horien lanketa egin ahal izateko. Partzialki ordaindutako baimenaren (urte sabatikoaren) deialdia 26/27 ikasturtean aplikatzea da asmoa eta beste bi funtsen deialdiak, berriz, ikasturte honen amaieran.

Haurreskola berrien irekiera eta Udal Haur Eskolen integrazioa
Ikasturte amaierarako eta hurrengo ikasturteari begira, haurreskola eta gela berrien irekieraren berri eman zigun atzo administrazioak. Haurreskola horietako Izen emateak irekierarekin batera emango dira.
Bestalde, baieztatu digutenez, Usurbil, Ordizia, Aretxabaleta eta Gaubeako Udal Haur Eskolak, datorren ikasturtean Haurreskolak Partzuergoaren barruan txertatuko dira, subrrogazio prozesu baten ondorioz.

Lanpostuen zerrendaren handitzea
Aurrekoetan aipatu bezala, 24/25ean errepikatutako lan metaketen ondorioz 63 lanpostu gehitu behar dira Haurreskolak Partzuergoko LPZn (lanpostuen zerrendan) eta 25/26ean errepikatu diren lan metaketen ondorioz, aldiz, 34 lanpostu gehiago. Lanpostu guzti horiek 2026ko irailaren 1ean sortuta eta asetuta egon behar dira. Horregatik, lanpostu horiek eta LPZn hutsik dauden lanpostu guztiak Lekualdatze Lehiaketan atera beharko lirateke, behin-betiko langileekin asetzeko, eta horrela izan ezean, LEPartekoekin betetzeko. Prozesu guzti horiek aurreratzeko, aukera guztiak aztertzeko eskaera jarri genuen mahai gainean.

LPZn Egonkortze prozesuaren kontra jarritako sententziak ere eragina izango du. Horren ondorioz sortu beharreko 77 lanpostuak ere LPZn txertatu beharko dira eta behin-betiko langileekin asetu.
Sortu beharreko lanpostu guzti horien afera konpondu ostean, administrazioak EPEa deitzeko asmoa duela aipatu zuen (aurten egitekoak ziren, baina azaldutako sententziak egoera atzeratu du).

Bilera amaitzeko, gai ordenean zeuden gaietaz gain, beste batzuk jarri ziren mahai gainean, hurrengo hilabeteetan zehar landu beharko direnak: kudeaketa langileen egoera, lan zama eta haien araudi desberdinen lanketa edota sorrera, hezitzaileen formazioa hobetzeko aldaketak, …

Prozesuez eta lanketaz betetako hiru-hilabetea izango da hurrengoa. STEILASen Haurreskolak Partzuergoko langileen lan baldintzak ahalik eta modu egokienean aurrera eramateko araudiak adostuko ditugu, baita hauen aplikazio zehatza eta eraginkorra egiten dela behatu eta baieztatu ere.