Urtebete igaro da 2025eko apirilaren 14an Hezkuntza Departamentuak eta ANPE, AFAPNA eta UGT sindikatuek “Ekitatean eta Hezkuntza Kalitatean aurrera egiteko ituna” sinatu zutenetik. Horren harira, salatu dugu itun hori Nafarroako Gobernuaren jokada politiko bat izan dela hezkuntza gatazka indargabetzen saiatzeko, hezkuntza publikoaren benetako arazoei heldu gabe.
Ituna ez zen egiazko negoziazio kolektibo baten emaitza izan, prozesu ilun eta baztertzaile baten emaitza baizik. Gutxiengo sindikal batekin sinatu zen, eta irakasleen gehiengoaren ordezkaritza sindikala kanpoan utzita. Horrela, Nafarroako Gobernuak inposatu zuen akordio bat zilegitasuna emateko bere hezkuntza politikari, baina horrek ez dakar egiturazko aldaketa bat, baizik eta murrizketa politiken jarraipen makillatu bat.
Hezkuntza Departamentuak erantzukizuna ikastetxe eta irakasleei egozten die, eta propaganda tresna gisa erabiltzen du ituna. Irakasleek aurre egin behar diete lan baldintza eskasei, laguntza urriarekin, zereginak gehituz eta Departamentuak beren lanari gero eta balio gutxiago emanez.
Aipatu itunak prekarizazio dinamikak sendotzen ditu, sistema publikoa indartu beharrean, eta bere horretan mantentzen ditu desberdintasunak zentroen eta sare publiko eta pribatu itunduen artean. Gainera, sinatutako neurriak ez dira berehala aplikatzen, ezta denei ere; aurrekontu aski izatearen eta geroko arau garapenen mende daude, eta horrek bermerik gabeko agindu bihurtzen ditu. Hau da, gaur sinatuko da bihar ziurtatuko ez dena.
Azpijoko hori ikasturte honetan ari da egiaztatzen. Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetan, nahiz eta adierazi itunean gehieneko ratioak 20 ikaslekoak izanen direla, egiaztatu da itunaren aurreko 24en ratioak aplikatzen ari direla. Horrek esan nahi du hezkuntza kalitatea murriztu egiten dela, gehienbat tailerretara joaten denean; izan ere, ohikoa da praktiketarako leku egokirik ez egotea ikasle guztientzat eta, gainera, egoerak okerrera egiten du Departamentuak bikoizketak berandu esleitzen dituenean, ikasturtea hasi eta hilabete eta erdi atzeratu baitaiteke.
Horregatik, STEILASetik lege bideari ekin diogu, eskatzeko 20 ikasleko ratioa aplikatzea LHko erdi eta goi mailetako zikloetan.
Ikasturte honetan berretsi egin da LH publikoak bizi duen ataka zaila, ezin okerrago ezarri baita Lanbide Heziketa Dualaren lege berria Nafarroa Garaian. Onartezina da Nafarroako Gobernuak bere hezkuntza-politika makilatzea itun baten bidez. Izan ere, itun horrek ez du eskubiderik bermatzen ez baliabiderik ziurtatzen ez sistema eraldatzen, ezta hezkuntza publikoaren aldeko apusturik egiten ere. Azken batean, ituna oso urrun dago behar objektiboetatik, eta hezkuntza sistema publikoan inbertsiorik ez egitea baino ez du betikotzen.
STEILASek borrokan jarraituko du politika horiek iraultzeko eta egiturazko aldaketak eskatzeko, berma daitezen lan baldintza duinak eta hezkuntza sistema publiko benetan bidezkoa, barneratzailea eta kalitatezkoa bermatzeko.
Leave A Comment