STEILAS sindikatutik gogor kritikatu nahi dugu Hezkuntza Sailak azken hilabeteetan hartu duen norabidea, izan ere, kezka handiz bizi ditugu iragarritako ikastetxe publikoen fusio zein itxierak. Jaiotza-tasaren jaitsiera eta segregazioari aurre egitea aitzakia hartuta, administrazioa eskola publikoa ahultzen ari da, eta beste behin ere, sare pribatuaren mesedetan dihardu. Irmoki salatu nahi dugu erabaki hauek aldebakarrez hartu direla, gardentasunik gabe eta sindikatu zein hezkuntza komunitatearekin negoziatu gabe. Atzoko mahaian ere, jarrera horri eutsiko diotela adierazi zuten.
STEILAS sindikatutik ohartarazi nahi dugu fusioek lanpostuen galerak ekarriko dituztela eta ez dutela inondik inora ere benetako arazoa konponduko. Horregatik, fusioen ordez, eskola publikoa indartzeko benetako apostua egin behar dela adierazi nahi dugu, horretarako baliabide gehiago jarriz, ratioak jaitsiz, aniztasunari erantzuteko neurriak sendotuz eta benetan segregazioari aurre egiteko behar diren politika eraginkorrak ezarriz, hala nola itunak murriztuz.
Bestalde, onarpen prozesuak ikaspostu publikoak murrizten dituela salatu nahi dugu, hezkuntza sistema duala are gehiago indartuz. Halaber, irakasleen lan-baldintzak ere kolokan daudela adierazi nahi dugu, pasa den ikasturtean sinatutako lan-akordioaren urraketak direla medio.
EHI irakasleei dagokienez, ezaguna da azken urteetan haien lan baldintzak okerrera egin dutela nabarmen, horregatik, beharrezkoa da langileekin elkarlanean aldaketa gauzatzea. Hezkuntza Sailak adierazi duenez, akordioan sinatutako baliabideen gehikuntzaren irizpideen eraginez, EHI irakasleak ikastetxeetara atxikita egongo dira eta gehiengoak ez du ibiltaritzarik izango. Beraz, batetik, ikastaldeetan oinarrituta, EHI irakasle egonkorrak egongo dira klasutroetan eta bestetik, orain arte bezala, ikasleak zuzenean artatzeko dotazioa ere esleituko da.
Bide honetatik, aurten Ikasturte Hasierako Esleipenetan parte hartu beharko dute eta gerora, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, itunpeko ikastetxeetan lan egiteko aukera izaten jarraituko dutela adierazi dute.
Hala ere, sindikatu guztiok kezkaz salatu dugu esku hartze berri honen prozesuan egon den, eta oraindik ere dagoen, gardentasun eta zehaztapen falta. Izan ere, langileei bezala, guri ere ez digute esku hartze berriaren inguruko informaziorik helarazi. Ezta, HLBP ikasleak artatzeko ikastetxeetara bideratuko den dotazioaren inguruko zehaztapenik eman ere. Horrez gain, EHI irakasleak esleitzeko irizpideetan jasotzen ez den bezala, lanaldiak esleitzeko HH eta LH 1.zikloko taldeak baino ez dituela kontuan izango esan du Hezkuntza Sailak. Berriro ere, akordioan sinatutako puntua urratzeko asmoa agerian utziz.
Horregatik, Hezkuntza Sailari EHI irakasleek artatu ditzaketen ikasleen ratioak zehaztea, esku hartze dokumentua lehenbailehen publikatzea eta EHI irakasleen lanaldiaren esleipena ikastetxe osoko taldeen arabera egitea exijitzen diogu.
STEILASek borrokan eta lanean jarraituko du euskal eskola publikoaren aldeko apustu sendoa lortu arte.
Leave A Comment