1999/70 zuzentaraua ez duela betetzen esan dio Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJAk) Espainiako Gobernuari, berriz ere. Hau da, etengabe urratzen dituela administrazio publikoetako langile kontratadunen eskubideak, eta finko egin behar dituela eta kalte-ordainak eman behar dizkiela. Dena dela, ez dio adierazi hau guztia nola gauzatu.
EBJAren 2021eko beste epai baten ondorioz, Espainiako Gobernuak abian jarri zuen ezohiko egonkortze prozesu bat, administrazio publikoetako interinitate tasa jaisteko, ustez. Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoan 766 lanpostu baizik ez ziren deitu eta, gehienak, PAIko lanpostuak egonkortzeko.
Funtsean, prozedura horrekin nahi zuten egonkortu eta blindatu irakasle kontratudunen sail bat, erabateko prekaritatean utzita gehiengoa. Kontuen Ganberaren azken fiskalizazio txostenaren arabera, Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoaren behin-behinekotasuna % 49koa da, oso gainetik Nafarroako Gobernuak eman duen % 12,4ko egiturazko bitartekotasunetik. Interinitate tasa altu horrek guztiz urratzen du Europako zuzentarauak xedatutakoa enplegu publikoaren behin-behinekotasunari buruz, baina Gobernuari komeni zaio horri eustea, pribatizatzeko edo irakasleak kale gorrira botatzeko, krisia gertatuz gero. Hala, 800 irakasle kaleratu zituen 2012an hasitako murrizketetan Hezkuntza Departamentuko Langileriaren egungo zuzendari nagusiak berak.
Gainera, oso txikia izan ohi da eskainitako funtzionario lanpostu kopurua oposizio deialdietan, behin-behineko langileen kopuruarekin alderatuta. Langile gehienek parte hartu behar dute, ez funtzionario bilakatzeko, baizik eta zerrendetan lanean jarraitzeko moduan gelditzeko. Adibidez, aurten ez da oposiziorik izanen Haur Hezkuntzan, etapa horretako funtzionario askotxok erretiroa hartuko dute eta interinitate tasa handituko da. Horrela errazago kaleratu ditzakete langileak, inongo kalte-ordainik eman gabe.
Arazo horiei irtenbidea eman nahian, STEILASek planteatzen die Nafarroako Parlamentuko indar politikoei bi foru lege onestea. Batetik, enplegu publikoa egonkortzeko legea: Espainiako Gobernuak betetzen ez duenez Europako legedia, Nafarroa Garaiak funtzio publikoan duen eskumena eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia baliatu beharko lituzke betearazteko Europar Batasunaren 1999/70 zuzentaraua eta EBJAk emandako epaiak, behingoz bukatzeko langileei egindako bidegabekeriak.
Bestetik, eskola ratioak arautzeko legea legoke. Oso argi gelditu da hezkuntza itunean jasotako ratio jaitsierak arrunt eskasak direla hezkuntzaren kalitatea bermatzeko eta irakasleen lan gainzama gutxitzeko. Gainera, Gobernuak ez du prestatu plan estrategikorik ratioak jaisteko, eta oraindik ez du batere argibiderik eman sare publikoan itxi behar dituzten gelei buruz. Lege horretan, gutxienez, jaso beharko lirateke hezkuntza publikoaren sindikatuek proposatutako ratioak, horren alde agertu baitziren Parlamentuko indar politiko guztiak, PSN eta VOX izan ezik. Ratioak ondoko hauek lirateke:
Haur Hezkuntza 0-3.
0-1 urte: hezitzaile 1 4 umerentzat (gaur egun 8)
1-2 urte: hezitzaile 1 6 umerentzat (gaur egun 12)
2-3 urte: hezitzaile 1 8 umerentzat (gaur egun 16)
Haur Hezkuntza 3-6: 20 (gaur egun 23 – 25)
Lehen Hezkuntza: 20 (gaur egun 25)
DBH: 23 (gaur egun 30)
Batxilergoa: 25 (gaur egun 33)
Oinarrizko Lanbide Heziketa: 8 (gaur egun 12)
Erdi eta goi malako lanbide heziketa zikloak: 15 (gaur egun 24)
Hezkuntza Departamentuak adierazi zuen sare publikoan 19 gela itxiko zirela, baina ez du argitu zein ikastetxetan gertatuko den hori. STEILASek zuzenean galdetu die ikastetxeei, eta momentuz dakigu ixteko mehatxua dutela ondoko eskola publikoetan: Arbizu, Elo, Iruñeko San Frantzisko, Lesakako Irain, Mutiloako Irulegi, Orkoiengo Auzalar, Sarrigurengo Joakin Lizarraga, Uharte Arakil eta Zubiri. Zortzi dira D eredukoak eta bat A/G eredukoa.
Hortaz, gelak ez ixteko ezinbestekoak ditugu langileen finkotasuna eta ratioen jaitsiera.
Leave A Comment