Batzorde Parekidea bertan behera utzi du aldebakarrez Hezkuntza Sailak, akordioaren artikuluen aplikatzerakoan sor daitezken desadostasunak ebazteko bilera, alegia.

Irakasleen lan-akordio berria sinatu genuenetik, behin eta berriro salatu dugu Hezkuntza Sailaren akordio-urraketa. Gaur, are larriagoa den egoera baten berri eman nahi dugu: Hezkuntza Sailak, sindikatuok akordioan jasotako artikuluen ez-betetzeak salatzeko dugun mahai paritarioa bertan behera utzi du, inolako azalpenik eman gabe.

Mahai hori egin aurretik hainbat zehaztasun eskatu dizkigute, eta guztiak eman dizkiegun arren, ostiralean gaurko deituta zegoen bilera bertan behera utzi zuten. Mahai horretan, langileen lan-baldintzak urratzen dituzten gaiak jorratu behar genituen, baita familiei zuzenean eragiten dien ratioen jaitsiera ere. Izan ere, neurri hori Lehen Hezkuntzako etapa osoan aplikatu beharrean, lehenengo mailan bakarrik ezartzen saiatzen ari dira.

Ikasturte hasierako ebazpenak puntu bakarra duenez, gure alegazioen erantzunak jaso ez ditugunez eta proposatzen duten metodologia ez denez eraginkorra, mahaiari bukaera eman zaio eta lanbide heziketakoa baino ez da landu.

Onartezina da Begoña Pedrosak zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren jarrera, sistematikoki sindikatuon lana oztopatzen duelako. Ez digu behar adinako informaziorik ematen lanketak eta alegazioak prestatu ahal izateko. Ohikoa bihurtu da mahai desberdinen aurretik dokumentazioa ez helaraztea; ondorioz, mahaiak informazioa emateko espazio bihurtu dira, negoziazio-esparru izan beharrean.

Hori gutxi balitz, fusioen bidez Euskal Eskola Publikoa ahultzen ari dira; Hezi+ programa oraindik argitu gabe dago, eta IRALE desegiten ari dira.

Zailtasunak zailtasun, hezkuntza publikoa indartzeko behar diren baliabideak eta lan baldintzak defendatuko ditugu. STEILASek ekintza sindikal eta juridiko guztiak aztertuko ditu ez-betetzeei aurre egiteko.