2026ko Maiatzaren Lehena dugu gaur, Langileon Eguna. Gero eta agerikoagoa da gaur egungo eredu ekonomikoak ez duela ziurtasunik eskaintzen, kontrakoa baizik. Gizartean ziurgabetasuna, beldurra eta etsipena zabaltzen ari dira, eta entzuten ditugun diskurtso orokorrek sinetsarazi nahi digute ez dagoela alternatibarik, dena erabakita dagoela. Hori da, finean, deseraiki beharreko gezurrik handiena. Horretarako, ezinbestekoa da langileon indarra aktibatzea, etorkizuna ez baita indibidualismoan eraikitzen, kolektiboan baizik.

Azken urteotan, lan mundua azkar aldatzen ari da. Horren adibide dira abiadura handiz iritsi diren adimen artifiziala, automatizazioa edota digitalizazioa, lanpostu batzuk desagerraraziz, beste batzuk sortuz, eta tartean persona asko ziurgabetasunean utziz. Izan ere, teknologia bera ez da arazoa, baizik eta nola kudeatzen den.

Bestalde, azpimarratzekoa da prekaritatea ez dela desagertu, bere itxura, forma eta mozorroa eraldatzen ari da, gizartean indartsu dabilen bitartean. Pandemiak agerian utzi zuen gizartea sostengatzen duten lan asko ikusezinak direla, lan hoien gehiengoa bereziki emakumeek egiten dituztela, baldintza txarretan eta gainera inongo aitortzarik gabe. Emakumeek, eta bereziki emakume arrazializatuek, zama handiena jasaten jarraitzen dute. Egungo eredua ez da jasangarria eta hortaz, irauli beharra dago. Bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bat behar dugu, eta horretarako zerbitzu publiko sendoak ezinbestekoak dira.

Horrez gain, gogoratu beharra dago inposizioaren, lehia gogorraren eta botere ekonomikoaren logikak nagusitzen ari direla. Gerra eta berrarmatzea salbuespen izatetik ohiko paisaia izatera igarotzen ari dira; merkataritza-gatazkak elkarrizketa ordezkatzen ari dira. Eta giza eskubideak zein herrien errespetua bigarren mailara baztertzen dira interes estrategiko edo enpresarialekin talka egiten dutenean. Aipatutako logika horiek nagusitzeak gure egunerokoan du oihartzuna. Gastu militarra handitzen denean, baliabide sozialak murrizten baitira.

Badakigu gizartearen kohesioan hezkuntzak paper esanguratsua duela. Baina, zoritxarrez, oraindik Euskal Eskola Publikoa ez dago behar bezala babestuta, ez du behar duen erreferentzialtasunik. Pasa den ikasturtean langileok luze borrokatutako lan baldintza asko oraindik ez dira abian jarri eta ondorioz, sektorean ditugun baliabide falta, behin-behinekotasun tasa, lan karga zein burokraziaren handitzeak bere hortan dirau.

Maiatzaren Lehena beraz, ez da soilik iraganeko borroken oroitzapena eta aldarrikapena, etorkizunaren aldeko konpromisoa ere bada. Hezkuntza publikoa erdigunean jarriko duen gizarte baten aldeko apustua egin behar dugu.

Beraz, sindikatuen rola ezinbestekoa da: eskubideak defendatzea, ahots kolektiboa indartzea, eta inor atzean ez uztea dagokigu. Azken hamarkadetan sortzen ari diren erronkek tresna berriak eskatzen dituzte, baina oinarriak betikoa izaten jarraitzen du, klase konzientzia eta langileon arteko elkartasuna.

Elkarrekin antolatuta etorkizun duin bat eraikiko dugu!